Goizalde Landabaso

Bidaiatzeaz

2026ko urriaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

El Bichoren kantu bat entzuten ari zen Rocio taxi gidaria bere autora sartu nintzenean. «...aizu, begira, etzazula beldurrik izan/ egunak joan badoaz eta zu konturatu ere egiten ez bazara, kamelatzen nabilkizu...». Ezezagun andana garraiatzeak eskola ematen dizu, eta, atoan, jakiten dute arrotza zarela. Hiriaz hizketan hasi ginen, parke ederrak zituztela esan nion, eta harro erantzun zidan baietz, itzelak zirela, baina aldatu direla, dena aldatu dela, turistek aldatu dutela. Eta badaitort: apur bat errudun sentitu nintzen, aldaketa horrek zer negatiboa zuelako, eta ni ere aldaketa horren eragile nintzelako. Erantzukizuna modan ez dagoen begietako nanopartikula deseroso hori da. Lorratz turistikoa neutraliza liteke? Hots, ezagutzen ez dugun hiri batera joan gintezke eta bestelako jarrera izan, ala, daborduko, dena dago lohi eta gu ere arazoa gara? Antolakuntza anarkikoa duen liburu denda horietako batera sartu nintzen. Anne Carson idazleak irabazi berria zuen Literatura Nobel saria eta egonaldirako irakurketa behar nuen. Saltzaileak esan zidan Nobel sariarena jakin ostean jende askok hori bera eskatu diola, eta poema liburuak agortu zaizkiola. Hara, hara, gurean gazta tarta zatiak agortzen diren bitartean auzo honetan Anne Carsonen poema liburuak agortzen dira. Liburu dendariak ere esan zidan auzoa aldatu dela, ez dela bere garaiko hiri bizi eta bihurria. Bigarrenez esan zidaten turismoa arazo dela, ni turista naizelarik.

AEBetako Txikagoko Unibertsitatean filosofia irakasle den Agnes Callard-ek dio bidaiatzeak gizateriarekin konektatu baino, egun, urruntzen gaituela. Bere esanetan, nonbaitera bidaiatzen dugunean aurreiritzi askoren preso gara, zer ikusi eta bisitatu behar dugun esaten digutenetik, badakigunetik, bidaiatzeak eman liezagukeen ustekabea galdu egin delako. Laster ez da beharrezkoa izango gorputz mugimendua, hau da, Paul Verhoeven-en Total Recall pelikula hartan bezala, makina bati bidaiatzearen esperientzia ordaindu eta gure burmuinean itsatsiko dizkigute hiri horren gomutak. Eta, eramangarriagoa izango bada ere, horrek tristura sortzen dit.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA