Blanca Urgell

Bidegurutzean

2026ko azaroaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteiztik irtenda, hauta dezakegu zein bide hartu, AP-68 edo N-232. Biak parean doaz Ebro ibarrean zehar. Handixek zihoan De Italia in Hispanias erromatar galtzada ere, berezko igarobidea baita, ibaiak mendeen mendetan egina. Aurrenik Calahorrara helduko gara, antzinako Calagurrisera, eta gero Alfarora, antzinako Graccurrisera.

Errioxa Beherean geundeke, baina Nafarroako Tuteratik 20 kilometrotara. Ez goazke ekialderantz, baina, hego-mendebalderantz baizik, Alhama ibarrean barrena, Numantziarainoko bidean, Contrebia Leukade aztarnategiari ikusitxo bat egiteko.

Argazkian makalak ote diren nago; ibai-ertza dateke. Udazkenaren estalkiak urregorria zabaltzen du haietan; gainerakoan muino biluziak, landareak urri, sastrakak eta kareharrizko harkaitzak besterik ez dago, dena okre eta arre.

Ikasle ohi baten argazkietan bidaiatzen ari naiz, laster han egoteko esperantzan. Bi muinotan eta tarteko sakonunean dago hiria, diotenez, eta noizbaiteko gizakiek muinoa zulatzen jakin zuten gelak egiteko: biltegiak omen, inoiz kortak ere.

Erromatarrak ezabatuz gero, betiko leloak. Zer ziren contrebiatarrak? Beroiak diote batzuek, pelendoiak besteek. Zertaz mintzo ziren latinez hasi aurretik? Hiriaren izenak zelta dirudi. Contrebia *con-treba- interpretatu da, con- ‘elkarrekin’ indoeuropar aurrizkiaz (gure komentu lat. conventu-tik dator, eta hori con-venire ‘batera etorri’-tik). Leukade ere grezierazko leukĂ³s ‘zuria’, lat. lux ‘argia’ eta ingelesezko light-ekin dagoke lotua.

Eta, halere, C. Leukade ez dago Sesenco eta senide baskoiak agertu diren Soriako Lur Garaietatik urrun, hego-ekialderaxeago baizik. Alhama ibaiaren izena ere, arab. al-hamma ‘ur beroko iturria’, ez da geruza berekoa ere. Burdin Aroan igarobidea ez ezik, kultura eta hizkuntzen arteko muga zatekeen, edo akaso haien bilgunea. Contrebia ‘elkarrekin bizitzeko gunea’ balitz, adituak ondo ulertu baditut.

Elkarrekin bizitzeko guneak elkarrekin hiltzeko guneak edo elkarren kontra borrokatzeko guneak bihurtzen dira sarriegi historian. K.a. 77an Sertoriok Contrebia Leukade setiatu eta hartu zuen. Gure Irulegi urteren bat geroago eraso eta erre zuen Ponpeiok.

Eta, berriz ere, gu, noren alde gaude, Ponpeio eta Senatuaren alde, ala Sertorioren?

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA