Blanca Urgell

Busti-hotz

2025eko abenduaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Leihotik begiraturik, galsoroak ageri dira gertu, ernamuinean, eta urrunago zuhaitzak. Zuhaitzek hodeiak ukitzen dituzte, edo hodeiek zuhaitzak. Euria ari du, xara-xara. Bustiotz egiten duela jaso zuen aita Kandido Izagirrek Oñatin: euri eta hotz.

Euriaren malenkoniak zanpaturik ari naiz nabigatzen. Aurkitu dut ‘euria’ esateko txinatar karakterea ura darion hodei baten piktograma dela (nik bi hodei ikusi, baina euria ikusi, ezin argiago). Yu bezalako zerbait ahoskatzen omen.

Hizkuntza totonaka batzuetan (Puebla eta Veracruz estatuak, Mexiko erdialdea) uraren eta euriaren izena bat omen dira: ‘ura dator’ esaten omen dute.

Norbaitek dio eslaviar hizkuntza askotan indoeuroperaren *dus-duyu ‘zeru txarra’ esanahia duen errotik datorrela euriaren izena. Berberak dio ez bide dela egia, eta erantsi duen estekan greziera zaharrean eudia ‘eguraldi ona’ dela diote, euskararen antipodetan.

Gure euri azaltzeko, ohiko lekuetan ez dut topatu etimologia zoroz besterik, ezpada Kanpionek aspaldi esana, alegia, euri-k ur barneratuta daukakeela. Traskek ez du ontzat ematen «horrelako egitura baten paralelorik ez dagoelako». Alta, egitura *e-ur-i dela proposa genezake eta, are finago jokaturik, *e-hur-i, zubereraren hur forma hasperenduna zaharragotzat harturik. Orduan baditu paraleloak: *e-tor-i, *e-kar-i, *e-bil-i (gaur gehienok ibili, bokalak berdindu direlako), eta abar.

Zerbait dugu azaltzeko: etorri-eta aditzak dira, eta euri izena. Zailtasuna ez da erabatekoa: begiratu aditza izen bihurturik darabilgu arazorik gabe (eman begiratu bat horri), eta ikusi ere bai gutxienez (eman ikusitxo bat horri). Salbuespenak izanik ere, biderik badagoela frogatzen dute. Ba ote aspaldi-aspaldian euri aditza izatea? Antza bai: haren formak diosku baietz.

Ba ote Lakarrak aukera hori jadanik baloratu izana? Baita ere. Beraren lan ugarietan bilatu behar nuke: baietz berak zerbait esan euri-z. Halere, bustiotzak dakarkidan malenkonia honek ozta-ozta laguntzen dit azken puntua jartzen. Udazkena, azkenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.