Goizalde Landabaso

Chomsky

2026ko martxoaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Santiago Alba idazle eta kazetariak asteroko zutabean bere buruari eta, bide batez, irakurtzen zionari, luzatu zion galdera: «Barkatu ahal izango diogu Chomskyri?». Agian ez dakizu zertaz ari den Alba; hortaz, lehendabizi jakinaren gainean jarriko zaitut labur eta zuzen: Chomskyren izena agertu da Epsteinen paperetan. Harremana zuten biek, luzea; are gehiago, Epsteinen lehen kondenaren ostean Chomskyk Epsteini idatzi omen zion animoak ematen. Chomskyren emazteak pentsalariaren izenean barkamen publikoa eskatu du. Chomskyren borondate ona eta konfiantza aipatu ditu, eta Epsteinen delituen berri ez zutela adierazi du. Pasatu egin didate publiko egin diren Epsteinen eta boteretsu zenbaiten arteko email trukaketak ikusteko zibertxokoa. Ez dakit zerk eragiten duen sosegurik eza gehiago, email trukaketa horiek edo Chomsky-Epstein adiskidetasunak. Santiago Albak artikulu interesgarrian dagoen galdera nagusia erantzuten du: barkaberak izan behar gara Chomskyrekin, baina Chomsky hori, dagoeneko, ezin dugu miretsi. Niri ere, badaitort, mirespena kolpean joan zait. Harrigarria da zein mengela den miresmenaren objektua, suntsiezina badirudi ere nahikoa da ttak bat dena ezerezean uzteko. Epsteinen paperetan agertzea ez da ttak soil bat, noski, delitu-perbertsio batzuk diruarekin samurtzen badira ere, gauza serioa da. Eta zakil-jokoak mundua hankaz gora jarri duen honetan badirudi alfonbrapeko hauts deserosoa bilakatu dela sexu abusuen kontua. Paper horiek zerikusia dute AEBek eta Israelgo ejerzitoak (berriro) hasi duten suntsiketarekin? Geopolitikan aditua denak ekonomia dela arrazoia esango du beharbada. Ni ez naiz ausartzen ezer esatera, ia edozer sinetsiko nuke.

Santiago Albak dio gupidakorragoak izan eta mirespena neurrian izan beharko genukeela. Basatza-heroi lar dugu. Txoko hau, maiz, aitorpenak egiteko baliatzen dudanez, Epsteinen email zibertxokora itzuli naizela esan behar dizut. Denok gara gizaki, eta ez gara perfektuak, baina badaude inperfekzio eredugarriak. Eta emailak bilatzeko leihoan izen bat jarri dut: Mujica. Ez dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA