martxelo otamendi

Edorta, dagoenean bon-bon

2026ko urriaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Goiz joan zara, Edorta, goizegi, aurretik joan diren beste lagun batzuk joan diren legez. Bi mende bizita ere, goizegi joaten dira batzuk. 

Aspaldi ezagutu genuen elkar, Euskaldunon Egunkaria-n gastronomiaz idatziko zuena behar genuen, eta euskaraz txukun gogoetatu eta idatziko zuten adituak topatzea elefanteak hegan ikustea baino zailago zen garaian ezagutu genuen elkar. Hasi zenuen gurekin, zorionez, luze eta etekintsua izan zen kolaborazioa. Gastronomiaz idaztea eskatu genizun —jatetxeen iruzkinak, joera berriak…—, baina elikadura ere existitzen zela insistitzen zenigun. Azkenean —tematia zu tematien artean— konbentzitu gintuzun, eta zabaldu genizkion orrialdeak elikadurari ere. Arrazoia, zuk, beste behin. Liburu bikainak idatzita dauzkazu elikaduraz.

Ibilbide luzea eta oparoa egina zeneukan gure irakurleentzat idazten hasi aurretik, esate baterako ETB1eko Dagoenean Bonbon gastronomia saioko kolaboratzailea izan baitzinen. Baina gastronomiaz komunikatzen hasi aurretik, ordu asko sartuak zenituen sukaldean; aurrenetakoa, aurrena ez bada, izan baitzinen elikagaiak prestatzen jatetxeentzat. Hau da, zuk zeuk prestatzen zenituen zure etxeko sukaldean gero jatetxeetan haiek prestatuak izango balira bezala saltzen zituzten kroketak eta budinak. Aitzindari, gero ikaragarri zabaldu den etxera eramateko sisteman.

Euskaldun berria, sendoa eta makurrezina, irakasle eduki zintugun euskaran eta lehenengo urratsak egiten hasita zegoen soziolinguistikan. 

Nork euskaratuko ditu orain Donostiako jatetxe izartsu bateko kartaren plater ia ulertezinak?

Agurrean kantatu genizun Euskal Herrian Euskaraz kantak dioen bezala, «Gure arima hiltzen uzteko bezain odolgalduak ez gara». Horretan segituko dugu, Edorta, sanferminetan Zaldiko Maldikok euskaldunekin antolatzen duen bazkari eder eta kantuzalea gogoan, zuk eta zure aurreko irakasleek erakutsi zeniguten bidetik, amorerik eman gabe.

Edorta eta Karmele, dagoenean bon-bon, eta ez dagoenean ere, bon-bon.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA