Ander Perez Argote

Egunen batean

2026ko irailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egunen batean, zuk ere ez dakizu noiz esaten, baina egunen batean, ez sobera urruti, memoria historikoaz hitz egingo da 1936ko gerraz hitz egin gabe. Memoria elkarteak egongo dira, eta sinposioak, eta institutuak, eta ika-mikak, eta aurrekontu partidak, eta argitalpenak, eta kontzentrak eta memoria lekuak, baina ikergaia ez da altxamendu frankista izango, ez eta 40 urteko diktadura ere. Zaila zaizu irudikatzen, eta normala da: memoria historikoa frankismoaren errepresioari lotuta ezagutu duen belaunaldikoa zara. Baina historiak aurrera egingo badu, aurrera egingo du, halabeharrez, aztertu beharreko garaien lerro kronologikoak ere. Eta tokatuko da euskal gatazka modernoaz hitz egitea, eta ez frankismoaren hondarretan kokatutako abiapuntuaz bakarrik, hurrengo hamarkadez baizik.

Joan den igandean gatazkaren ondorengo belaunaldi bat elkartu zen Donostiako kaleetan. Gatazkaren biolentzia aro gordinenaren ondorengo belaunaldia, nahiago bada. Eta pentsatu duzu halakoxea zela 1970eko hamarkadan memoriaren arloan aztarrika hasi zen belaunaldia ere: gerra ezagutu gabea. Bistan da nondik doazen paralelismoak.

Oraingo gazteei, agian, ez zaie tokatuko herriz herri grabagailua eskuan testigantzak jasotzen aritzea. Ez dituzte agian errepide bazterrean indusketak egingo, 90 urteko alabei aita galduen hezurrak itzultzeko. Ez dute poeta desagertu, nazioarteko brigadista ospetsu eta ereserki solemneen epika erromantikoa lagun izango. Ez dute sistema totalitario baten aurka egin izanaren arrazoi historikoa alde izango; are gehiago, euskal gatazka bere testuinguru osoan ulertarazten saiatzen badira, demokraziaren aurka egin izana leporatuko zaie.

Erronka ez da hainbeste gertakari xeheak argitzea izango, ez bada gertatutakoa zorroztasunez eta kontestu osoz azaltzea baizik. Irakurketa interesatuei, demokraten eta biolentoen arteko eskema sinplistei, aurre egitea. Badakigu zerbait horretaz: gaur egun, eguneroko joko politikoa da. Bihar historia izango da. Ea nola kontatzen den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA