Jabetu zara inoiz Becquerren poemarik ezagunenak edozertarako balio duela? Zernahi galdetzen dizutela, zeu zara beti; poesia, arazoa, arerioa edota bestea. Ez dut ahaztu nahi Lauaxetak ere egiten zituela itaunak: «...axiari itaundu dautsozu legunki/ berak baña jolas dagi zeure ulian»... Benetan da ederra eta hunkigarria itaun sorta hori. Itauna edo galdera gizakiaren jakintzarako abiapuntua da, eta esan genezake hortik sortu dela dena, galderarik sakonenak erantzun ez baditugu ere. Asteon Argentinako egunkari batean irakurri dut Byung-Chul Han filosofiaren rock izarrari, errespetuaz mintzo, egin dioten elkarrizketa. Errespetuaz irakurtzen aritu naiz, baina, hain nabarmena den klima aldaketaren gainean erabakitzeko ados jartzen ez bagara, atera kontuak errespetuaren definizio amankomun bat lortzeko. Ez dut nik korear izarra asko maite eta, lagun batek barre egingo du hau irakurtzen badu, erosi egin dut liburua. Bestearenganako kontsiderazioa, horixe da Byung-Chul Han filosofoaren arabera errespetuaren kontsentsua lor dezakeena. Errespetua gizarteen itsasgarria da, filosofo-izarraren arabera, eta hori barik bide okerretik goazela dio. Esaldi bat azpimarratu dut: «Dagoeneko ez dago ezelango elkartasunik, ezta galtzaileen artean ere». Ufa. Arerio-lagun dikotomia suntsitu egin behar dugula dio; eta bai, bueno, eta ez, klaro, eta gauzak ez sinplifikatzea komenigarria da, gero PISAkeriak datoz eta.
Anarik Inmolazioa kantuan deskribatzen duen besteen minen antologia den albistegia ikusten ari nintzela pentsatu nuen albistegietan ikus-entzuten ditugunak errespetu faltaren antologia ere izan litezkeela gehiegitan. Hauteskunde kanpainak abiatzear dira han eta hemen ere bai, eta, bihotza eskuetan, erantzun iezadazu: abegikor, adeitsu, ulerkor... zubigile agertzea ez al da tontotzat hartzen? Seguruen errespetu faltarenak (benga, esango dut, estali itzazu belarriak) gizarte patriarkal honekin ere badu zerikusia. Edozelan ere, uste dut hobeto joango litzaigukeela bizitza, gizartea eta, oro har, oraina, filosofiako jendeak albistegi minutu gehiago beteko balitu.