Goizalde Landabaso

Estralurtarrak

2026ko otsailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Teleskopio indartsuei esker zientzialariek beste eguzki sistema bat aurkitu dute. Honek gure planeta bezalako bi ditu, hots, B planeta baduela. Logika guztietatik at ei dago eta zientzialariak harrituta daude orain arte zekizkitenak aldatu behar dituztelako. Unibertso zabalegitik ia ezer ez dakigu eta ustekaberik ez dute itxaroten? S. Hawking zientzialariak ez gaitzatela aurkitu, ohartarazten bazuen ere, neu, Barack Obama bezala, estralurtarrak aurkitzeko irekita nago. Obamaren kontura barre asko bota dute azken egunotan podcast batean egindako elkarrizketan «estralurtarrak badaude baina nik ez ditut ikusi», adierazi zuelako. Estralurtarrak hitza dagoen tokian jarri jainkoa, ea zer gertatzen den?

Eguzki sistema berria, niotsun, 116 argi-urtetara. B planeta dute, guk, berriz, ez; eta bizi garen honetaz arduratu behar dugu pepelerdokeriarik gabe. Egunotan Bilbora Layla Martinez etorriko da. Kazetari eta idazle espainiarra da. Utopía no es una isla (Utopia ez da uharte bat) idatzi zuen duela urte batzuk. Sakelako saiakera hartan egitate zenbait esaten zituen, eta ohartarazpen batzuk ere bai: telesailek eta filmek gure burmuinak moldatzen dituzte, eta apokalipsia irtenbide bakarra dela dioskue ezelango ahaleginik egin ez dezagun planeta bizigarriagoa bilakatzen. Berarekin elkarrizketa egiteko abagunea izan nuen, eta akorduan daukat galdetu egin niola ea kontrakorik ez ote zegoen. Baiezkoarekin izen bat eman zidan: Star-Trek, gatazkak badaude ere, izakiek lortu dutelako; arraza, hizkuntza edota planeta ezberdinez osoturiko galaxia-konfederazio bizigarria. Star-Trek telesaila ikusten hasi naiz. 32. mendean kokatua dago eta, hara!, Lur planeta existitzen da. Istorioak gurutzatzen dira, baina gauza batek eman dit argia: Lur planetara lehenengoz datorren pertsonaietako bat AEBetako San Frantzisko hiriko kostaldean jesarrita dago, garai aproposa delako kostaldera hurbiltzen diren Xibarta baleak ikusteko. Telebista amatatu aurretik pentsamendu horrekin geratu naiz: baleak daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA