Goizalde Landabaso

Eta zer?

2026ko irailaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Marilyn Mansonek «rocka hila baino hilago» zegoela kantatzen zuen 90eko hamarkadan, eta nik, abesti hura pentsatu barik dantzatzen nuen. Beti gustatu izan zait rock musikaren indar erritmikoa. «Rocka hil da», zioen kantuak, eta batere ados egon ez arren, ezinezkoa egiten zitzaidan Mansonek sortzen zuen zurrunbilo hari uko egitea. AEBetako MTV kateak, orain, de facto, hila dagoela erabaki du, eta urtero banatzen dituen musika sarietatik rocka kendu du. Eztabaidatxoa edo sortu ei du. Normalean ez dut horrelakorik egiten baina adimen artifizialari galdetu diot ea rock musika hilda ote dagoen, eta ezetz esan dit, ez dela egun gehien entzuten den musika baina hilik ez dagoela. Barre egin dut, nik banekien-eta. AEBetako Luminate enpresak, tarteka, kultura edota musika kontsumoari buruzko azterketak egiten ditu. Kontsumoa, bai (nik ere gorrotatzen dut berba). Kontua da berriki egin duten azterketa horrek dioela rock musikaren kontsumoa igo egin dela; igo, dekadentzian dagoen estatu batuketa horretan. Gurean, zer? Utzi al diote inoiz rock garaiak izateari? Munduari begiratuta, hauek ere nahiko punk sasoiak direla esango nuke.

Nork erabakitzen du zer entzuten dugun? Zer den onena, zer den arrakastatsuena? Kultura industria delako hori da zer bultzatu erabakitzen duena. Kultura ekoizpenak produktuak dira, eta horrela heltzen zaizkigu, maiz. Azken boladan sartu naizen tabernetan aspaldiko musika entzuten da, gehiena ingelesez, eta nago antzinako musika jartzeko joera hori ez ote den industriari ematen zaion erantzun inkontzientea. Alegia, musika, eta osterantzeko kultur adierazpenak, kontu emozionalak baldin badira, agian badela jasotzailearen erantzun bat. Egia esan, ez dakit zergatik sutu naizen hainbeste rock musika kentzearenarekin. Neuri bost eta bortz MTVk rock musika kategorietatik ateratzea erabaki badu. Inoiz ez naiz kate horren zale izan; hortaz, rock musika hiltzat eman dezake. Eta zer? Nik jarraituko dut rock musika entzuten, eta kontzertuetara joaten, eta tarteka, batere maite ez dudan Marilyn Mansonen kantu hura jartzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA