Maider Etxebarria Gasteizko alkateak eta Maria Txibite Nafarroako lehendakariak demostratu nahi dutenaren kontrara, Hego Euskal Herria ez da Espainia. Honezkero, zutabegile, txiolari, eta soziologoek ederki esplikatu dute Munduko Futbol Txapelketa batek dakarren askotariko asimilazioa, tartean, nazionala, eta ez da todologoa izan behar kalera jaitsi eta Espainiako gizonen futbol selekzioko kamisetak nonahi ikusteko. Ados, ongi. Baina ez nuke diskurtso horrekiko hain konplaziente izan nahi. Azken egunetan, estatuko ezkerreko hainbat ordezkari batu dira irabazleen olatura, eta irudikatu dute Espainia bat askotarikoa, kulturaniztuna, solidarioa... eta nik zer dakit zenbat gauza gehiago, kutsu arrazista duen gobernuz kanpoko erakunde baten antza hartzeraino. Baina gu ez gara kabitzen haien askotarikotasun horretan. Ez guk diogulako (bakarrik), haiek hala ikusten gaituztelako baizik.
Lehen adibidea: RTVEk partidak galegoz eta katalanez ikusteko aukera jarri du, baina ez euskaraz. Diferentzia hori salatu du Eneko Oroz euskarazko eduki sortzaileak X-n, eta sekulako gorroto espainolista eta euskarafoboa jasan du. Bigarrena: polizia dispositibo bereziak aktibatu dituzte Hego Euskal Herrian Espainiaren zaleak (batzuk militarrak eta faxistak) babesteko. Hirugarrena: jokalari bakarrari galdetu zioten ea zer iruditzen zitzaizkion bere autonomia erkidegoko presidenteak selekzioari buruz egindako adierazpenak. Euskal herritarra zen. Laugarrena: partida amaitu ostean jokalari askok atera zituzten haien erkidegoetako banderak. Han zegoen Espainiako bandera, Extremadurakoa, Galiziakoa, senyera… Eta ikurrina? Zeren beldur ziren euskal jokalariak? Guk ikurrina zikintzea leporatzea, ala halako espazio batean ikurrinak sor zezakeen ezinegonari aurre egitea? Eta azkena: Malagako jokalari Einar Galileari pintaketak egin dizkiote «ETAkoa, traidorea eta antiespainola» dela esanez, finalaren egunean Argentinaren kamiseta jantzi zuelako.
Horra asimilazioaren eta bestetasunaren eraikuntza simultaneoa XXI. mendean. Ibai Atutxak dioen bezala, zibilizatuak barbaroa behar baitu berea zilegitzeko.