martxelo otamendi

Feijooren estrategia ez da txarra

2026ko otsailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Asko idatzi da azken hilabeteotan PPren lehendakari Alberto Nuñez Feijook darabilen estrategiaren azkartasunaz, eta asko dira, oso serio jarrita, diotenak oso okerreko bidea hartu duela, eta, bumeran efektuaren bidez, aurka itzultzen ari zaiola. Alegia, lortu nahi zuena lortu ez, eta kontra etorri zaiola. Igual ez.

Botere handia dauka PPk Espainiako autonomietan, gobernu gehienak haren esku baitaude: 17 autonomietatik 11tan gobernatzen du. Horietako zenbaitetan, Vox alderdiarekin osatu zituen PPk gobernu batzordeak, alderdi horren sailburuak, estrategia aldaketaren ondorioz gobernuak utzi, eta oposiziora pasatu ziren arte. 2024an jazo zen. Gehiengo erosoa edukitzetik gutxiengoan gobernatzera igaro ziren PPren gobernu autonomikoak. Voxek ez zuen gobernuetako kudeaketarekin erre nahi, eta gusturago eta exijenteago zegoen oposizioko aulkiak berotzen.

Egoera horren aurrean apustu arriskutsua egin omen zuen PPko presidente Feijook. Ezegonkor zeuden gobernuburuak hauteskundeak aurreratzera behartu zituen, gehiengo osoa lortu eta Voxen menpekotasunetik libratuko zelakoan. Bi egin dituzte —Extremadura eta Aragoi—, eta bietan gaizki atera omen zaio jokaldia PPri, gehiengo osoa lortu ez eta Vox ikaragarri hazi delako. Ez zekien Feijook hori gertatzeko aukera handia zegoela, ez zioten hori adierazten isileko inkestek? Itsuki dabil? Benetan espero zuen Feijook gehiengoz irabaztea hauteskundeok?

Zein du, ordea, estrategia Feijook? Moncloarako lasterketan ahal duen guztietan erakustea PSOE oso gaizki doala, ipurdiko handiak hartzen ari dela hauteskundez hauteskunde, erabateko galtzailea dela. Eta zein da Feijoo ordaintzeko prest dagoen ordainsaria? Ez da oso garestia. Gutxiengoan dauden haren alderdiko gobernuek gobernatzen segituko dute, nahiz, hazi izanaren ondorioz, Voxek PP estuago hartu akordioa egiteko orduan.

Gutxi axola hori Feijoori, trukean Moncloako ateak irekiagoak baldin badauzka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA