Goizalde Landabaso

Gardelkeriak

2026ko irailaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gardelek nahi duena esango du, baina hogei urte badira zer gauza batzuentzat, eta ez dira ezer, betiereko déjà vu batean sartuta zaudenean. Ia hogei urte dira korteen bila prentsaurrekoetara ateratzen ez nintzela. Itzuli berri naiz. Euskaldun emaile gutxi zen plaza gorritik alde egin nuenean; orain, aldiz, askoz gehiago dira euskaldunak, baina, hala ere, bainak egoten jarraitzen dute, eta ez jatekoak. Prestigioarenak zainketa larrien aretoan jarraitzen du, eta ahalduntzearenak, kasu zenbaitetan, ere bai; okerrenetan, aldiz, ez dago. A ze malenkonia sentitu dudan kalera buelta egin, eta, euskarazko adierazpenak eskatu ostean ohiko sinfonia entzuterakoan: boligrafoak erortzen dira, kableak jauzika klaklaka, eztulak tupustean, gorputz mugimenduak, eta tarteka, murmuzika herabeak. Zein poz zaharra sentitu dudan euskaldunik ba ote dagoen galdetu eta «katxis, horretan kale egiten dugu oraindik ere». Ai, Gardel, Gardel.

Elektrifikatu ditugu autobusak, autoa partekatzeko aplikazioak sortu ditugu, ligatzeko, gasolindegiak bilatzeko edota jakien osasungarritasuna jakiteko. Munduko edozein hiritako bazterretan aurki zenezakeen kafetegi-klonak zabaldu ditugu, eraikin erraldoiak eraiki eta zaharrak eraitsi ditugu. Oraindik, baina, ez dugu gu garela geu sinesten, eta harrotasunaren (eta batzuetan harrokeriaren, zergatik ez?) aurrean beldur eszenikoa dugu. Horregatik gu ez garenen azpiko gonetan ostendu egiten gara ez gaitzaten ikusi, ez dezagun molestatu inor. Baina gero dugun zinema jaialdirik ospetsuenera, Alemaniatik, Werner Herzog datorkigu, eta astinaldia ematen digunean, onenean, zer pentsa uzten digu. Izugarriak garela diosku, eta gugandik zerbait nabarmentzera doanean, ez dio pintxoek edota goi mailako sukaldaritzak liluratzen dutela, ez; gure hizkuntza lahostia dela diosku, gu garela lahostia. Osozailadazuenhizkuntza hit-a alboratu, eta piperrik ez ulertu arren, bertso jaialdi nagusia Internet bidez jarraitzen duela aitortzen du, poesia hutsa delako. To, no eta naranai. Danke, Werner. Viele von uns lieben dich auch (Eskerrik asko, Werner, gutako askok ere maite zaitugu).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA