Blanca Urgell

Gasteiz euskaldun hau

2025eko urriaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteiztarrok harro egon ohi gara gure hiriaz, eta horren arrazoietan bat gizarte etxeak ditugu, eta haiek herritarrei eskaintzen dizkieten zerbitzu ugariak.

Harro egoteko modukoa da, halaber, euskararen ezagutzan eta erabileran egin dugun jauzia. Haatik, horrek badu ageriko eragozpen bat: noiz, non eta nola bizi euskaldun, Tolosatik —adibidez— lekutan kokatzen gaituena.

Bihoa aurrez neureaz hitz egingo dudala, dakidantxoaz, eta ertz batetik bakarrik. Euskaraz egiten dut lan, euskaraz asko irakurtzen dut zahar eta berri, irratia entzuten dut (telebista gutxi), euskarazko ekitaldietara joaten naiz eta baditut lanetik kanpoko adiskide euskaldun gutxi batzuk, gutxienak. Lehenago seme-alabekin egiten nuen etxean, baina adina etorri eta azkenak ere alde egin du... Joan den ekainean lanetik at erdarak jan behar baininduen sentitu nintzen.

Gizarte etxeetan aurkitu uste nuen erremedioa. Bada, uztailean jarduera batean eman nuen izena euskarazko taldean, ilusio demasarekin. Monitorea euskaraz hasi, lehenengoak «ez dakit euskaraz» esan eta orduan galdera madarikatua erori zen zerutik: «Inporta zaizue?». Nik baietz esan orduko, inporta zaidala, gaitziturik, lauzpabost emakumek —ez gehiagok— «ez» esan zuten, irribarrez, amore ematera ohituta baleude bezala. Gainerakoak erdaldun, antza. Hauxe ene ondorioa: erdarazko taldeetan lekurik lortu ezean, erdaldunak errukirik gabe apuntatzen dira euskarazkoetan.

Irailean jadaneko ez nuen hizkuntzarekiko halako itxaropenik eta, aldiz, ezustean monitorea euskaraz aritu zen hasieratik oztoporik gabe. Norbera aurkeztea eskatu eta dozena bat gasteiztar «euskaldunberri» agertu ziren —horrela definitu zuten beren burua—, ederki moldatzen zirenak; pare batek ulertu bai, baina hala-hola mintzo direla adierazi zuten; euskara etxetik dakarten bi kanpotar ere bazeuden, eta despistatu bat, euskaraz hitz egin ez, baina ulertzen saiatuko dena. Horra hor tarte baterako nire arnasgunetxoa. Bai eta Gasteiz euskaldunaren gazi-gozoen adibidetxoa ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.