Kafe makina apurtu zait eta, egun batzuk kafe barik egon ostean, kafemin gorriak zoro-ero eraman nau kafetera berri bat erosten saltoki handi batera. Bertan zegoen langileari zer makinatxo nahi nuen adierazi nion eta biltegira joan zen haren bila. Tarte horretan, kapsuladun kafea saltzen ari zen emakumea hurbildu zitzaidan. «Kaferik?». Kaferako ordu-muga joana, han geratu ginen biak, hitz eta pitz kafe usaina desagertu arte. Tupustean bota zidan lanean dagoen bitartean geolokalizatuta dagoela, alegia, mugimendu guztiak kontrolatzen dizkiotela. Legezkoa ote?, galdetu nion. Ez zegoen oso ziur baina ezezkoan zegoen. Hala ere, lan horretan hilabetea zeramala esan zidan, eta ez zuela lana galdu nahi, ezin zuela.Â
Gu ere geolokalizatuta gaude beste era batera, edo agian antzeratsu. Microsoft enpresa jausi egin da egunotan eta planeta honetako erakunde publiko, pribatu, ospitale, enpresa handi zein txiki inkomunikatuta utzi ditu; lan tresna barik ezin aurrera eginik, paralizatuta. Abisua ala seinalea? Ez dakit nori otu zitzaion denak eta oro saretuta egoteak modernizazioaren gurdira sarraraziko gintuela, baina argi dago zelanbaiteko saretze horrek arazo latzak dakartzala. Arazo eta azaro. Ez daukagu gaitasunik enpresa atzerritar handi hauek eskaintzen dutena, gure neurrira, egiteko? Sinesgaitza egiten zait ezezko erantzuna. Ikerkuntzan eta garapenean inbertitu izan den diru horrek, ekintzailetza teknologikoak, ez dute balio gure azpiegitura teknologiko-digitala egiteko? Kontua ez delako planeta osoan jaun eta jabe izateko zerbitzua eskaintzea; bai, berriz, gure inguruari lanabes nahikoa ematea. Ezin gaitezke uharte edo penintsula izan? Azken finean inperioen akabukoak zelan datoz? Oso gizatiar diren kontuekin, adibide gisa egunotan Nvidiako jaun eta jabeari jazo zaiona: zure emaztea eta seme-alabak bihotzez, sakonki, maitatu arren, zakil estratosferikometaforikoak itsutu egin zaitu, eta espioitza telesail bikainerako elementuak utzi dituzu.Â
Ea, enegarrenez, harri koxkor berean ez dugun talka egin behar.