Goizalde Landabaso

Geruzak

2026ko azaroaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Enoaturik nagoen batzuetan asperdura astintzeko sarean ibiltzen naiz bilaka, interesa isiotuko didan zehaztu gabeko zerbaiten xerka. Horrela, lehengoan, Vlatko Vedral serbiar zientzialariarengana heldu nintzen. Oxfordeko fisika irakaslea da eta Informazio Kuantikoaren Teorian, munduan, erreferente. Honek (besteak beste) defendatzen duena da beste unibertso paraleloetako gure bertsio ezberdinek gure patua zehazten dutela. Agur, gogaitasuna. Bere teoria da patua ez dela norbere kontzientziaren eraikuntza, bai berriz, unibertso paraleloekin ditugun interakzio kuantikoen ondorioa. Kuantiko hitza entzun edo irakurtzen dudanean buruak bumm! egiten dit, letretakoa naizelako izango da. Ulertutako apurretan ondorioztatu nuena: unibertso paraleloetan dauden ni guztiek baldintzatzen dute neure bizitza; hortaz, neuk ere eragina daukat beste ni horien errealitate eta bizitzetan. Zapatua zen, eta zapatu gauerdi hartako gaugiro epela (eta animazio jendetsua) aprobetxatuz oinez etxeratu nintzen. Farra gogoa zegoen airean. Lagun taldeak, irri-algaraka, kalean gora eta behera. Pasaera alboan, gune komertzial handietako hegaletan, sei-zazpi pertsona kartoipeetan, lo. Itzelezko zaratarekin, lo seko zeuden. Gure errealitateak ez du kuantikoa behar geruzatan gaudela adierazteko.

Gizarte Informazio eta Ikerketa Zerbitzuaren (GIIZ) eta Iruñean lan egiten duten giza kolektiboen arabera: 2024an, Bizkaian 910 pertsona kale gorrian bizi ziren; Gipuzkoan, 524; Iruñean, soilik, 150-200 inguru; eta Araban, 122. Aspaldi ez dugu Mikel Laboaren Gaberako Aterbea kantua entzun behar osterantzeko errealitateen berri izateko. Zenbat geruza sartzen da unibertso honetan? Beste unibertsoetako bertsio horiek bizigarriagoak al dira? Vlatko Vedralek dio bertsiorik bertsio egituratzen gaituztela unibertso ezberdinek, eta sorkuntza literariorako bide kitzikagarri infinituak zabaltzen dituen teoria bada ere, ez omen dugu topo egingo inoiz gure beste unibertsoetako ni-ekin. Bertsio paralelorik ez dugu behar, baina; gure errealitateko geruzak begi bistan daude.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA