martxelo otamendi

Getxora begira

2026ko urtarrilaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Indar handiko irudia izan zen duela egun batzuk —hil honen 14an— ikustea nola sartzen ziren, epailearen aginduz, ertzainak Getxoko udaletxean, eta nola ateratzen ziren kartoizko kaxekin. Auzia, Jauregitxoa auzia esaten hasi zaiona, ezaguna egin da egunotan. Epaileak uste du ikertu egin behar dela Getxoko Irurak Bat jauregi historikoa —XIX. mendekoa eta babestuta— bota eta orubean luxuzko etxeak egin nahi zituztenek ondasun historikoaren aurkako delitua egin ote zuten, eta hori egitean prebarikatu ote zuten.

Ustezko delitua egin dutenak ez dira herritar arruntak, Getxoko Udaleko hiru zinegotzi jeltzale dira, eta haietatik bik asmoa zuten pisua erosteko kooperatiba batek orube hartan egitekoa zuen eraikinean. Denborak, eta epaileek bereziki, esango du auzipetuek deliturik egin ote zuten —salatuen errugabetasun printzipioa errespeta dezagun—, baina elegantea, izan, ez da. Bota ezin zitekeen eraikin bat bota, zinegotziek —eta beste batzuek— etxea egiteko? Hala bada, adierazgarria da erabakia hartzeko orduan zinegotzi jeltzaleek erakutsi zuten inpunitatea, oso seguru egon behar zutelako ez zitzaiela ezer jazoko, alegia, inork ez zuela haien aurka joko.

Ertzaintza ari da polizia judizialaren lanetan; beraz, instrukzio epailearen esanetara bakarrik jardun beharko dute, eta hari bakarrik emango diote ikerketaren berri. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ez du, ikerketek irauten duten bitartean, aginpiderik edukiko ertzain horiengan. Epaileak bakarrik.

Hirigintza izan ohi da udaletan delitua egiteko tentaldi gehien eskaintzen duen saila, eraikuntzarako baimenek mugitzen duten dirutzagatik, etxegile batzuen jukutriazaletasunagatik, eta iraganean etxean baleude legez mugitzeagatik hirigintza sailetako korridore eta bulegoetan. Sail horrek biltzen ditu eskandalu gehien, beti errepikatzen diren parametroekin: etxe ilegalak dirudunentzat.

Luze joko du jauregitxoaren ikerketak. EAJk, zer gerta ere, karga arindu du hiru zinegotziak kargua uztera bultzatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA