Gezurrak hankak labur dituela esan ohi du esaera zahar batek. Ez dakit noiztik datorren esamoldea, auskalogarrenetik; ziurrenen, gezurraren lurraldea oasi txiki eta mugarritua zen garaikoa da. Gezurraz ari gara beti baina, agian, plurala ezarri beharko genioke, izan ere, gezurra ere poliedrikoa da. Gezurra esateak zigorra zekarren garai ez hain urrunetan; ez ezazu gezurrik esan, esaten ziguten ume ginelarik. Orain, zenbaitetan, sormen lan bezala hartzen da, eta baita gezurteroa goratu ere. Massachusetts Amherst-eko Unibertsitatean irakasle den Robert S. Feldmanek egindako ikerketa baten arabera, gizaki bakoitzak hitz egiterakoan, hamar minutuero, bizpahiru gezur esaten ditu. Irudipena daukat gezurraren normalizazioan eta egiaren debaluazioan bizi garela; dena nahas, dena lainotsu. Moralki ere, daborduko, ez du hain fama txarra, eta baliabide teknologikoekin, egun, zer den egia eta zer gezurra bereiztea ez da erraza. Gezurraren gezurrak, jazoera bat egia bilaka dezake?
Lagun batek biziki gomendatu dit Yuval Abraham eta Rachel Szor-en Naza pelikula, zeharo hunkituta eta ukituta gelditu zela gogoratuz. Zineman ikusteko gomendioa egin dit, ez istorioak pantaila handia behar duelako, filma amaitzerakoan han batutakoek sortzen duten berunezko isiltasuna sentitzeko baizik. «Humanitatea», ziostan begiak blai. Kontatu dit pelikula ikusi ostean, etxean, oso erabilia den ikus-entzunezko plataforma batean osterantzeko bilaketa egiten ari zela, algoritmoak, israeldarrek nazioartean duten ospe txarrari buelta emateko sortutako film labur bat gomendatu ziola. Arduratuta dago, oso-oso, adimen artifiziala delako hori egiteko gai denaz, eta ebidentzia bat bota du: gezurra eta egia manipula daitekeen sasoia da hau. Sakelakoek zelatatzen gaituzte. Second Life antzeko batean ote gaude, denak ezerezari engantxatuta, gero eta urrunago hezur-haragitik? Ez dut ukatuko etxera lainoxka ilunxeak eraman ditudala, eta sakelakoa garbitzen hasi naizela. Eta ez dut ukatuko deskonexioari bueltaka nabilkiola harrezkero, eta hortxe ikusten ditudala urdingune zabalak.