martxelo otamendi

Gezurretako gozokia Zelenskiri

2025eko abenduaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste behin jakinarazi digute Europako hainbat buruzagik eta AEBetako agintariek iristear dagoela Errusiak Ukrainan egindako inbasioak sortutako gerra gogorrari bukaera emango dion akordioa. Gabonak baino lehenago lortu nahi dute oraingo honetan, aurreko batzuetan beste data esanguratsuen aurretik esaten ziguten bezala. Jartzen dute akordiorako epemuga, baina gero ez da betetzen. Ikusiko dugu oraingo honetan lortzen duten.

Bada galdera bat Europako buruzagiei erantzutea dagokiena: inork esan ote zion —zuzen edo zeharka— inbasioaren aurreneko unetik Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiri gerra ez zela bukatuko Ukrainako lurraldearen zati bat Errusiaren esku ez bazen geratzen? Badakigu —mila bider esan ziotelako— oso garrantzitsua zela Errusiaren erasoari aurre egitea, jokoan zegoena —Errusia garai bateko Sobietar Batasunaren hedapenera itzultzea— oso kaltegarria zela Europaren etorkizunerako… Mila arrazoi eman zizkioten, hipokrisia ariketa eginda, hildakoak Ukrainak jar zitzan. Hipokrisia handia delako hildakoak Ukrainak jartzea, eta Europak bat ere ez jartzea.

Badirudi Zelenskik berak onartu duela Ukrainako ekialdeko lur eremu zabala Errusiarentzat izatea. Errusiak gerra horretan daukan erosotasuna ikusita —hildako errusiarrak hilda—, eta Europak gerran zuzenean ez duela parte hartuko ikusita, irteera bakarra ematen du. Akordio hori, gertatzen bada, Zelenskiren hilobi politikoa izango da, herritarrek ez diotelako barkatuko horrenbeste ukrainar hil ondoren amore ematea.

Gezurretako gozokia eskaini diote Zelenskiri NATOko agintariek: Ukraina ez da NATOko kide eskubideduna izango, NATOren soldadurik eta armamenturik ez da egongo Ukrainan, baina etorkizunean Ukrainak Errusiaren beste eraso bat jasango balu, erakundeko kideak zuzenean sartuko lirateke Errusiaren aurkako gerran, kide bati egindako erasotzat hartuko luketelako.

Ikusitakoak ikusita, inork sinesten al du hori?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.