martxelo otamendi

Gogora-ren GALen erakusketa

2025eko urriaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Interes handia zegoen ikusteko noraino —zenbaterainoko ausardiarekin— iritsiko zen Eusko Jaurlaritzaren Gogora institutuak Donostiako Ernest Lluch kultur etxean GALi buruz antolatu duen erakusketa. PSEren esku dago institutua, eta sozialistek, ezker abertzaleari iraganaren irakurketa kritikoa egin dezala eskatzen maisuak izan diren horiek, aukera polita galdu dute erakusketa horretan besteei eskatutakoa egiteko. Erakusketa deskriptibo hutsa egin dute, ez dago ezer aurretik ez genekiena, denontzat ezagunak diren datuak biltzera mugatu dira eta.

Erakusketaren antolatzaileek, nola edo hala, Felipe Gonzalez aipatu beharra zeukaten, agerian geratu nahi ez bazuten. Nola egin, ordea? AEBetako zerbitzu sekretuek duela urte batzuk desklasifikatutako txosten bat erakusten dute, Felipe Gonzalezek GAL sortzea onartu zuela iradokitzen duena. «AEBetako zerbitzu sekretuen balorazioa da, eta institutuarena», erantzungo dute, inork Gonzalez inplikatzea leporatuta. Horren urrutira joan gabe, nahikoa zuten gogoratzea zenbat aldiz esan zuen publikoki Julio Anguita politikari ezkertiarrak GALen burua, Baltasar Garzon magistratuak X batekin izendatu zuena, Felipe Gonzalez zela. Eta Gonzalezek ez zuela sekula Anguita auzitara eraman.

Akats larri bat, gutxienez, badauka erakusketak. Lasa eta Zabalaren bahiketa eta heriotza jotzen du GALen lehen ekintzatzat, eta Segundo Mareyren bahiketa bigarrentzat. Ahaztu egin zaie bi ekintza horien artean Jose Maria Larretxea ETA pm-ko ustezko buruzagiaren bahiketa saioa izan zela, Lasa eta Zabala bahitu eta hiru egunera; Hendaian gertatu zen, eta Bartzelonatik Hendaiara joandako hiru GEOk  —Espainiako Poliziaren talde antiterroristak— eta polizia inspektore batek egin zuten. Ez da garrantzi eskaseko ekintza. Bahiketaren lekutik jendarme bat kasualitatez pasatu, bahiketa saioa ikusi, eta lau polizia espainiarrak atxilotu egin zituen. Bi hilabetez eduki zituzten Paueko kartzelan; epaiketara joango zirela hitzemanda askatu zituzten, baina ez ziren agertu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.