Blanca Urgell

Gregorio eta larrepetitak

2026ko uztailaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Modernitateak on asko ekarri dizkigu. Ez dut nik ukatuko. Alabaina, zenbat ez ote dugun ordainetan galdu? Adibidez, egokiera dugu euri-dantzak berpizteko, telebistan gure adinekoek hamaikatan ikusi ditugun siuxenak-edo; agian ondo-ondo ez, baina moldatuko ginateke tantaren bat erakartzen, gure freskagarri.

Hurbilxeago ditugu Balkanak, geografikoki bederen, eta han biziki zabalduta daude Dodola edo Peperuna-edo deritzenak: neska gazte bat hostoz estali, herrian zehar dantzarazi, jendeak ura jaurti eta denek batera abestu euria eskatzeko.

Indiako hainbat lekutan, aldiz, igelak ezkontzen omen dituzte, harrapatu, garbitu eta dotore jantzi ondoren. Zentzuzkoa dirudi, igelak montzoiak datozenean hasten direlako kantuan, hasi ere.

Han eta hemen, leku guztietan, kontua beti da herritarrak amankomunean aritzea, dantzan edo prozesioan-edo, eskaera behar bezala hartua izan dadin.

Gure herrietan errogatibak edo errogazioak dira, edo izan dira, ohikoenak. Debozio handienetakoa San Gregorio Ostiako edo Larrepetitarena omen.

Kondairak dio Gregorio beneditar ostiarra, aita santuak Nafarroako erresumara bidali zuela 1039an, eta beraren eraginez larrepetit edo oti-izurrite ikaragarri bat uxatu omen zutela. Santu usaina harturik, denek nahi zuten haren gorpua. Non lurperatuko, eta asto gainean ipinirik, animalia Sorladan (Nafarroa) gelditu zenez, hantxe.

XVI, XVII eta XVIII. mendeetako nekazal gizartean garrantzizkoak ziren bestelako bertute anitz ere hartu zituen herritarren gogoan, euria ekartzea barne. Santuaren burezurrak zulo bat du goialdean, eta beste batzuk lepoan; ura goitik behera bota eta, erlikia osotik igaro ondoren, ontzi batera isuri eta arretaz biltzen zen.

Atlas EtnogrĂ¡fico de Vasconia-k dioenez, Nafarroako, Arabako eta Bizkaiko hainbat udalek bidaltzen zituzten ordezkariak —are Lekeitiotik ere!— santuaren ur horrekin soroak ihinztatzeko, urtero bazen, edo beharra zetorrenean.

Eklipsea dugu hurbil. Eguzkiaren haserrea ematzeko, eta gure artekoa ere bai bidenabar, iraungo duen bi minutu eskasetan gai izango ote ginateke ados jarri, hostoz jantzi, Gregorioren ura eskutik eskura eman edota elkarrekin dantzatzeko?

Batzuetan izurrite okerragoak guk…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA