Maider Galardi

Gudari bat kabaretean

2026ko maiatzaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ahal nukeena baino gutxiago etortzen naiz Bilbora, nahiz eta bertakoa izan 2/4ean. Aitaitaren Uribarritik amamaren Indautxura joan naiteke paseoan bi Bilbo desberdin imajinatuta gerraostean, baina ez dut egiten sarri. Aste honetan, ordea, hirira etorri naiz nahi gabe, egun horretan eta ordu horretan existitzen ez den hitzaldi batean parte hartzera. Someran nago, bero ikaragarria egiten du eta libre geratu zait arratsaldea. Itzal bila noa, pasatu dut San Antongo zubia, heldu naiz Bilbira. Gora segitu dut San Frantziskotik, eta bat-batean nahi gabe bezala egin dut ezkerrera Gorteetara. Deitu nau kaleak, eta deitu dut aitaita. Eskatu diot berriro kontatzeko birraitaita Jaimeren historia.

Kontatu dit birraitaita Euzko Gudarosteko soldadu egin zela, nahiz eta aukera izan zuen libratzeko aita izan berri zelako. Nire aitaita Iñaki eta bere biki Karmele gerra piztu eta bi astera jaio ziren, 1936ko uztailaren bukaeran, nahiz eta arreba haur zela hil zen. Edukiko zuen harren bat-edo Jaimek, eta erabaki zuen etxea utzi eta frontera joatea. Kantabrian harrapatu zuten, «Santoñan edo», ez dago ziur aitaita. Ez daki seguru non egon zen zigorra betetzen bere aita. Uste du Castro Urdialesko kontzentrazio esparruan egon zela, baina «Jaimeri ez zitzaion gauza hauetaz hitz egitea gustatzen», esaten dit telefonoz. Berak ere ez digu hau kontatu duela gutxira arte. Antza, birramama Carmenek —liburu denda bateko saltzailea bera— hari batzuk mugitu eta lortu zuen senarra Bilbora itzularaztea, baina Jaimek bere aurreko lana galdu zuen zigor bezala. Ordutik, beti ibili ziren juxtu etxean, eta birraitaitak amaitu zuen El Gato Negron tronpeta jotzen. Imajinatu, gudari bat kabaretean. Etxean baditugu bere argazkiak tronpetarekin. Bat ere ez alterne-lokalean. Bat ere ez guda-zelaian. Eskegi du aitaitak, entzuten segitu nahi dut Bilbo horrela ikusten segitzeko. Orain, osatu egin nahi dut fotografia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA