Blanca Urgell

Gure gogo bakarra

2026ko uztailaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Enegarren aldiz gogoak dauzkat entzun dut. Bai, neurgailu hori ondo doiturik eta mailakaturik daukat: badakit tengo ganas entzutea baino anitzez hobe dela, eta lekutan gelditzen dela ez dauzkat gogorik izugarritik.

Dena dela, ezin saihestu neure buruari enegarrenez galdetzea zenbat gogo ote ditugun euskaldunok. Eta enegarrenez etorri zait gogora aita Angel Goenaga zena, Gogo en Axular Fontes Linguae Vasconum aldizkariko lanagatik (1973). Axularrena bat du, baina, gainera, badu bana Oihenarten, Leizarragaren eta abarren gogo-az.

OEHn ere nabari daiteke zeinen zabala den gogo hitzaren erabilera. Etxeparek bere gogoa zuzen jarri zuen andre eder jentil batengana. Lazarragaren pertsonaia batek aoan laztan zaitudaz [‘maite zaitut’], baina gogoan baterere ez diotsa neskari. Garibairen errefrau batek, berriz: Gizon nekatua, gogo huts, zeina baitateke entzefalograma laua esateko modu txukunago bat. Eta Refranes y Sentencias-eko beste batek: Gorua garrian ta gogoa kirolan, hau da, lanean ari eta gogoa jostetan.

Ezagun zen, ez dakit den, Sabino Aranaz gerozko garaian arima eta izpiritu maileguak ordezkatu nahian gogoa erabili zutela; adibidez, Vitoria-Eleizbarrutirako Kristiñau-Ikasbidea-n (1921) aingeruak gogo huts zoriontsuak dira.

Ezagun zen, halaber, Unamuno trufatu zela joera horretaz, apaizek eliztarrei esanarazten baitzieten euskaraz en nombre del Padre, del Hijo y del santo apetito. Ai, On Migel, gaizki hautatu zenuen hitzok non esan: Espainiako Diputatuen Kongresuko aktetan jasota daude (1931-09-18), baita ondoko barre-algarak ere. Bertatik azaldu zenuen (akta berean irakurrita dakit) ez zela barregarria, zure ustez Elizak herriak hitz egiten duen hizkuntzan predikatu behar lukeela, Ibarrek Genio y lengua liburuko (1936) herri-hizkuntzaren defentsaren ildo beretik. Alabaina, bilatu ditudanean FE de las JxNS-en webgunean aurkitu ditut aurrenik.

Barre egin dezatela. Ordainetan, gizaki gutxik egin dezaketena egin dezakegu euskaldunok: gogoak ematen diguna. Eta, Elexpururen baimenaz (Bergara aldeko hiztegia, 2004), esango dut ikasturtea amaitzeko gogoak eginda nagoela.

Gogo bakarra dut, bada, baina a zer gogoa!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA