Hedoi Etxarte

Hau dena

2025eko urriaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badakit ez dela bizitzaren aurrean izateko jarrerarik onena, baina 2020tik jendaurrean hitza hartzeko aukera izan dudan ia aldiro testamentu forma hartu du ariketak niretzat. Horregatik, Fermin Muguruzaren gaurko kontzertuaz pentsatzen ari nintzela eta alaba zaharrarekin abenduko Bilbon eta ekaineko Donostian pentsatzean, argi ikusi dut, Ferminen abesti bakarra hautatzekotan Hau dena litzatekeela.

Abestiaren hasieran Fidel Castroren ahotsa entzuten da. 1965ean irakurri zuen jendaurrean, Che Guevararen gutun bat. Luzaroan, pentsatu nuen, hil ostean irakurtzeko gutun bat zela, benetako testamentu bat. Baina ez, antza ezin zen jakin inperialismoaren lakaioek handik bi urtera hilko zutela Guevara: «Egun batean, norbait hiltzekotan nor abisatu behar ote zuten galdezka etorri ziren eta gertakizunaren benetako aukerak guztiok kolpatu gintuen. Gero jakin genuen hala zela, iraultza bat benetakoa bada irabazten dela ala hiltzen zarela».

Deigarria da, abestiak dituen lau minutuko dimentsioan, agian inoiz Ferminek konposatu duen letra laburrena izatea. Ferminek beti izan du 8 silaba sartzen ziren tokian 12 sartzeko joera: beti zegoen esateko eta izendatzeko asko. Hau dena kontrakoa da: abestiak esaten du hilko garela, gero ez dagoela ezer, ezta hainbeste maite ditugunak ere. Ateismo ariketa bat da, latza, asumitzen ia ezinezkoa. Mirant al celeko soinu bandako bioloncello ederra dator gero, Irune, Unai eta Joneren ahotsak. Eta piezaren amaieran, Guevara itzultzen da Castrok irakurrita: «Hemen uzten ditut nire eraikitzaile itxaropenik behinenak eta nire lagun maiteen artean maitatuenak... eta herri bat uzten dut seme gisa onartu ninduena; horrek nire izpirituaren atal bat urratzen du».

Horiek denak nahastu zaizkit, gogoratu naizenean nola etorri zen duela 22 urte Fermin gure institutura, bezperan txistuak jo zizkioten Madrilen. Esan zigun: «Beti galtzen duen futbol talde baten entrenatzaile sentitzen naiz». Rosa Luxemburgek Sonia Liebknecht lagunari Breslauko kartzelatik esan zion bezala: «Maitea, gertatzen dena gertatzen dela, egon zaitez lasai eta alai. Horrelakoa da bizitza eta kuraiaz hartu behar dugu, beldurrik gabe eta irribarre eginez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.