Blanca Urgell

'He' eta 'me'

2026ko urriaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Konturatu naiz ez dudala ja hitza irakurri ohi. Konturatu naiz nik ere jadanik erabiltzen dudala, inoizka agian jada ere, baina ja sekula ere ez. Ereduzko prosa gaur corpusaren arabera, ostera, erabilia da edo izan da; adibidez, Joxe Azurmendik baditu hainbat, baina ia-ia errazago topatu ditut barre-algarak adierazteko onomatopeia (ja, ja, ja!) eta sinesgogortasuna adierazteko interjekzioa (ja!).

Nago gutxiegi hitz egiten dela halako hitz txikiei buruz. Eta, halere, hizkuntza biziaren osagai baitezpadakoak dira. Hizkuntzaren zizareak dira: harrotu eta aireztatzen dute.

Hizkuntzaren zizare horien artean lan bereziki garrantzitsua egiten dute komunikazio-hausturak konpontzeko balio dutenek. Konturatu naiz ez dakidala zer erabiltzen dudan nik eta, are okerrago, ez dakidala zer erabiltzen duten entzun ohi ditudan hiztun onek.

Hasierako hipotesiak: e?, nola?, zer? Euskaltzaindiaren hiztegian hiruretan e soilik dago jasota zeregin horretan; Orotarikoa-n ere berdin, salbu Larramendik gazt. ¿eh?-ren ordaintzat dakarren zer?. Emaitza urria, gaurgero belarriz osatu beharko dudana.

Mark Dingemanse eta abarrek (2015) ikerketa polit bat egin dute munduaren lau bazterretako hamabi hizkuntzatan, keinu-hizkuntza bat ere barne, komunikazio-hausturak konpontzeko baliabideez.

Bi ondoriok aho zabalik utzi naute. Lehenengoa da halako baliabideak biziki maiz erabiltzen omen ditugula: 1,4 minututan behin. Horra hor hizkuntzaren zizareak etengabe lanean.

Bigarrena: hizkuntza guztiek —nahiz elkarren arteko erlazio espazialik ez genetikorik izan ez— hiru bide oinarrizko dituzte komunikazio-hausturak konpontzeko: solaskideari zer argitu behar duen zehazten ez dion eskaera irekia (gure e? edo Larramendiren zer?), osagai zehatz baten argipena eskatzen dion eskaera mugatua (nork?) eta aurrez esandakoari buruz proposamenen bat aurkeztu eta haren baieztapena eskatzen duen eskaintza mugatua, Akesoloren (Ipiña…, 1958) solasaldi honek adierazi bezala: —Oin olan ezta eiten, dirautso Juan Domingok. —Len bai, ala?

Jakin-minez gelditu naiz. Halere, ez naiz esku-hutsik joan, Jean Elizalde Salaberri «Zerbitzari» (1883-1961) idazle joriaren honako opari honekin baizik: —Ezetz gizona. —He? —He eta me.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA