nerea loiola pikaza

Hil ere bai

2024ko otsailaren 22a
05:00
Entzun

Hiru Eroski eta bi BM geneuzkan orain arte herrian, Carrefour Express txiki bat ere bai. Lidl eta Mercadona eraikiko dizkigute laster. Produktu eskaintza zabalagoa izango dugula aditu diet batzuei, supermerkatuen arteko lehiak prezioetan egingo digula mesede.

Telepizza bat badaukagu eta, zenbait herri sarreratan bezala, bi solairuko Burger Kinginik zabaldu ez badigute ere —momentuz—, Glovok ekartzen digu hanburgesa etxera. Klik bakar batera burrito, pizza, sushi eta pasta platerak. Mugikorrak erosteko PhoneHouse, bidaiatzeko Halcon eta El Corte Inglés —lehengo bidaia agentzia txikiak irentsi dituztenak—; eta bestela, lasai, Bookingek jarriko dizkizu lo lekuak aukeran. Igual laster saldu beharko dute herriko paper denda bakarra Donpisotik eta Copicopy jarriko da bertan. Liburu denda bakarra geratzen zaigu herrian: literaturaren etxe hau bihurtuko dute inoiz Casa Del Libro? Idealista atarian biltzen da gure idealismo hipotekario guztia. ZARAz janzten gara denboraren erdian, inauteriak pasa berri dira, baina, Decathlonez mozorrotuta jarraitzen dugu beste erdian. Nekatuta zaudela? Jarri Rituals... bat zure bizitzan: masajerako olio lasaigarri apur bat lurrin-ontzi batean, kozinatu bitartean azala lasaitu eta hidratatzeko. Spotifyk jarriko dizu musika Google Home bozgorailuetatik. Gauean ez galdu denborarik telebista kate batetik bestera aukeratzen, Netflixek esango dizu zer ikusi, Disneyk jarriko dizu plusa.

Mundu ia guztian berdin jaten amaitu dugu, berdin janzten, oporretan leku berak deskubritzen. Denok bizi gara berdin. Baita hil ere. Frankiziak hilkutxak ere jartzen hasi zaizkigunetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.