Ezin dut zutabe honen titulua idatzi hitzei doinua eman gabe. Aste osoa daramat kantuarekin buruan, eta azkenean noizkoa den begiratu dut: Hatortxu Rockerako 2009an Governorsek egina. Horrek esan nahi du hamalau urte nituela, eta gurasoekin sesioa izango nuela, ziur, baina azkenean ez nintzela joan festibalera. Aldi hartako kartela begiratu dut kuriositatez, zerekin txantajetuko nituen gurasoak? Etsaiak, Kauta, Kerobia, Berri Txarrak, Lor, Piperrak… eta beste talde asko. Horietako dezente jada existitzen ez badira ere, batzuk berpiztu dira gaur hasiko den ediziorako. Mafaldak 2017an egin zuen bertsioaz bai, ederki gogoratzen naiz. Ordurako 22 urte genituen, gutako batzuk noizbait negu hotzean Atarrabiatik pasatakoak ginen, baina kontrara, ez geunden ohituta Lakuntzako bero sapara. Lo gutxi eta parranda asko egin genuen aldi hartan. Eta ikasi genuen autokarabana eta furgoneta zuten lagun helduagoak fitxatzea inportante zela kanpinetako berotegi efektutik ihes egiteko. Mafaldaren kantu hura bidelagun izan genuen handik hilabetera lagunak Kroaziara joan ginenean.
Orain, lerro hauek idazten ari naizela, jakin dut Broken Brothers Brass Bandek ere egin duela kantuaren bertsioa. Aurten detxiltxokoesne batekin egoteko asmoa dut. Lekualdatu naiz furgoneten aparkalekura, eta ez dut alkoholik edaten jada duela zazpi urte. Lagunetako batzuk mood berean goaz, baina ez denak. Adibidez, A-k esan du kartak eramango dituela jolasteko. L-k barre egin du, horretarako denborarik izango ez dugula esanez. Duela zortzi urte baino zortzi urte zaharragoak gara, baina handiegia izan zen aurrekoa besterik gabe orria pasatzeko. Herriko gazteenek «pijo» izateaz akusatu gaituzte, bakoitza bere furgonetan goazelako. Seinalamenduaz lotsatuta, gure furgonetak denon eskura jarri ditugu, hala jaialdira joateko, nola kanpinean berotegi efektua edo uholdeak badatoz, babeslekua izateko. Gogotsu goaz Lakuntzara, auskalo nolakoa izango den etxerako bidea. Gurea igandean, noski. Eta barruan daudenena ahal bezain azkar. Asmatuko al dugu doinu berriekin oinez segitzen.