Goizalde Landabaso

Intimitatea

2026ko irailaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europako iparraldera osteratxoa egiten baduzu, gauza zenbait (gero eta gutxiago, egia da) deigarri egingo zaizkizu. Alderaketa etengabean bizi gara, eta bestearen talka ezinbestekoa da norberaren neurria izateko. Gurean ez dago, gurean badago, gurean altuago, gurean txikiago... horrela jakiten dugu zer zaigun baleko eta zer ez. Ni joan naizenetan txundigarriena (hasierako kolpean, behintzat) argi-orduak izan dira. Esaterako, Berlinetik gehien harritu ninduena izan zen eguzkia ostentzen denean hiria oso ilun gelditzen dela. Ia ez dago farolik, eta neguko eguzki argi urriarekin, gau iluna arratsaldeko bostak izan litezke. Gorago bazoaz, areago. Helsinkin edota Kopenhagen gaua luzeegia da. Bitxien egin zaidana, ordea: ez dute errezelik. Pertsianarik ere ez. Kale arteko hara-honakoetan, etxe barruak ikus ditzakezu, bertan bizi direnen eguneroko jarduna. Areago gaua badator eta argiak pizten badira. Berdin zaie zeinek begiratzen dien, intimitatearen beste zentzu bat dute. Erlijioaren kultura omen da gakoa, hots, kalbinismoarekin duela zerikusia. Zintzoak diren pertsonek ez dute ezer ezkutatzekorik, eta, hortaz, errezelik ez da behar. Intimitatea zu zara, esan zeniezadake, eta kamera eta pantailen sasoi honetan, agian, arrazoi duzu. Baina nik errezelak ditut, eta pertsianak ere bai. 

Lehengoan, etxerako bidean, argiak piztuta ordurako, hiriko toki esanguratsuan eraikitako kristalezko luxuzko etxeen aurretik pasatu nintzen. Aldapan dago, eta, hortaz, altueraren arabera, pisu barruak ikus ditzakezu. Normalean errezelak eta pertsianak daude. Bigarren solairuan, aldiz, ez zegoen errezelik, eta argiak ikusgarri egiten zuen  telebistatzarra. Ez dakit zenbat hazbete zituen telebista hark, baina edozein musika izarren kontzertuentzat baliagarria litzateke pantaila hura. Telebistaren hazbeteek adierazten dute gure aberastasuna edo aberastasun nahia? Euskal Herriko aberatsen ezaugarrietako bat diskrezioa dela esan zidaten behin. Joan den gaueko etxebizitzako jabeena, behintzat, ez da kalbinismoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA