Unibertsitate graduko bigarren urtea izango zen. Kide bat etorri zen etxera egun batzuk pasatzera abortatu behar zuelako. Ez zen haurdunaldia bere borondatez eteten zuen lehen laguna, eta horregatik bagenuen jada halako kasuetarako protokolo informal moduko bat. Osasun zerbitzuetan beste bat zen bide orria, ordea: joan kontsultara, zorterik onenean juzgurik ez sentitu eta hiru eguneko tartea ematen zizuten pentsatzeko. Kanpoan ikasten genuenok abantaila genuen hiru egun horiek gurasoenean ez genituelako pasatu behar, eta elkarri babesa emateko etxe seguruak irekitzen genituen, beraz. Pentsatzeko hiru egun luze joan daitezke bestela. Horrela esanda, beste testuinguru klandestino batzuei dagozkien praktikak eta hizkerak dirudite, baina 2014 ingurua, Gallardonen erreforma saiakera tarteko, ez zen urte onena abortuaz aritzeko, nahiz eta mugimendu feministak ederki heldu zion enbatari. Hiru egun horien ostean zetorren txango klandestinoa. Adiskidea klinikara lagundu, eta etxetik harako paseoak ere ezkutuan egin beharrekoa zirudien. Interbentzioa egin, eta buelta etxera osatu arte. Hamar urte beranduago klinikatik metro gutxira izango ziren errezoan kristau jatorrak bide hori «lotsaren pasilloa» edo «infernurako bidea» dela seinalatzen. Ez zuten hori karteletan jarriko, baina egiaz, jazarpen horixe berbera izan da.
Lagunartean izan dugu beste protokolo informal bat ere. Erasotzaileren batekin edo tratu txarrak eragin dituen bikotekide ohi batekin juergan, tabernan, ekitaldietan, manifestazioetan… aurkituz gero gure artean babestearena. Galdetzearena ea nahi dugun tipoarekin aurrez aurre topo egin gure babes sareak inguratuta, ala nahiago dugun ospa egin; ea nahi dugun lagunen batek berari zerbait esatea zuzenean, ala hobe den gaiaz paso egin. Ea nahi dugun egoera salatzeko elkarretaratze bat plaza erdian edo nahiago dugun zauriak komunitatean, baina eremu intimoago batean sendatu. Horri orain elkartasuna, zaintza eta babesa ez baizik jazarpena deitu nahi diote antza.
Etxeko ateak ireki nizkion adiskide horrek ireki dizkit besoak eta bere etxeko ateak behar izan dudanetan. Egin genion aurre batari eta egin diogu aurre besteari. Baina auzitegiak beti auzitegi: jazarpen batzuk absolbitu dituzte eta jazarpen gisa seinalatutako elkartasuna epaitu nahi dute orain.