Goizalde Landabaso

Kea

2026ko azaroaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badago argazki bat (sareetan topa zenezakeena) izugarri gustatzen zaidana: esku batean Bohemiako kristalezko kopatxoan dagoen likitsari zurrupada txikia ematen ari zaio ile zuria duen emakumezko bat; beste eskuan, berriz, pizturik duen zigarreta du, eta kea geometria arraro bat egiten ari da. Atzealdean, liburuz beteriko apalak ditu, liburu zaharrak, neurri ezberdinekoak, erabiliak, oro har, eta zenbait liburu-bizkar apurtuak ere baditu. Emakumezkoak urteak ditu; zimurrak, baina, gutxi. Hala ere, eskuetan nabari zaio hartu eta eman egin duela asko. Zenbat batetik eta zenbat bestetik? Hori esaterik ez dago, gauza oso intimoa baita eman eta jasotzearena. Alegia, pertsona baten intimitatearen zirkuluan zaudenean baino ez dakizula pertsona horrek zenbat duen ematetik eta zenbat jasotzetik. Baina argazki honetan, nabarmen ikusi ditut beti gauza bi: literatura zalea dela eta bizizalea. Wislawa Szymborskaren argazki bat da, 1997an Getty Images agentziak ateratakoa.

Akordura etorri zait Robert Doisneau argazkilaria, eta bere argazkia. Bikote bat elkar musukatzen ari da Parisen, zuri-beltzean, oso modu naturalean; baina berez ez ei zen hain naturala izan. Zenbat naturaltasun dago sareetarako egiten ditugun argazkietan? Lagunekin egiten ditugunetan?

Azken urteotan nire etxea izan dena batzen ari naizela kutxa bat aurkitu dut. Batez ere, argazkiak daude; beste bizitza bateko argazkiak. Kolorea apur bat galduta dute, eta etorkizunetik ari natzaio begiratzen, ni nintzenari, eta baita inguruan nituenei. Batzuk, daborduko, ez daude, bizitzak eraman dituelako edo herioak eraman dituelako. Irribarretsu nago argazkietako batean, loredun kamiseta batekin, itsasaldean. Garagardo botila daukat esku batean, eta bestean, zigarro bat. Oso aspaldi izan behar du, joan den mendean, aspaldi ez baitut erretzen. Etxeko kutxa galdu batean sartzen da izan ginena; eta norbere artxibategian zeuden sentsazioen kolpezko agerpenaz gain, aspaldiko zigarro batek bota zuen kea baino ez gara. Datorren menderako gorde dut kutxa.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA