Iñigo Aranbarri.

Keinua

2026ko maiatzaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sarriro, keinuek salatzen gaituzte hitzek baino. Imintzioek hori dute, anplifikatu egiten dute denbora izpia eta garen moduan agertzen gaituzte besteren aurrean. Izan ere, nork bereak izanagatik, talde, jendarte, ideologia kolektiboaren erakusgarri ere badira.

Gaur zortzi, 42 kilometro eta gehiago eginda mendiz, orpoz orpo sartu ziren Zegamako plazan Tove Alexandersson eta Gontzal Murgoitio. Lasterketako lehen emakumea bata, gizonezkoen artean 23.a bestea. Elkarren lehiarik gabeko hanka-jokoan biak, harik eta batera helduko zirela ohartuta, zangartea moteldu eta lipar batez gelditu zen arte Elorriokoa, Alexandersson bakarrik sar zedin helmugan. Eta halaxe hartu kamerek, Aizkorriko maratoiaren emakumezkoen errekorra hausten orientazio-eskian ere urretan urre dena.

Alexanderssonek beste txalo jaso du egunotan Murgoitioren hautuak. Ez zuela albiste izan behar, berak dio: «Tristea da gero, 2026an, egin nuena goratzen ibili beharra, beti egin behar genukeen zerbait da». Tristea baita hainbatek ezulertu-plantak egitea: «Kiroltasun keinu polita Zegamako plazan». Ez da oraingoa feminismoaren salaketa, etengabea dela espazio publikoaren okupazio maskulinoa, dela gorputzez edo ahots gora, ondokoa ikusezin bihurtzeraino. Itsua izan beharra dago kirolaz gaindiko keinua izan zela estaltzeko.

Aitakeriarik gabeko keinua, bestelako mordoxka bat ekar lezakeena hausnarrerako herrestan. Espazioaren gestioaz ari garela, ikusgaitasunaz gain, asko baitago xehatzeko kirolaz ez besteko edozein arlotan ere, izan agurretan, jesartzeko eran zein mintzamoldean. Barne-muineraino sarturik ditugun hamaika imintzio, dekonstrukzio zuhurra eskatzen dutenak Murgoitiok azpimarraturiko balizko normaltasunera hel gaitezen.

Erraza ez da. Izan ere, 42 km baino askoz urte, haserrealdi eta irakaspen gehiago dago Zegamako plazaraino; ezen berez, bai baitakigu zer datorren berez. Zer esanik ez beti goian laketzera ohituta bazaude. Izan generoa, arraza edo klasea neurri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA