Hedoi Etxarte

Liburuak, sosak eta dirua

2024ko apirilaren 27a
05:00
Entzun

Bihar irekiko ditu bere ateak azkenekoz Lizarran dauden bi liburu-dendetako batek. Irrintzi deitzen da: zen. Hilabete erdi barru itxiko dute Iruñeko Santo Domingo aldapako Abarzuza liburu-denda mitikoa. Zaila da adin jakin bateko Iruñerriko liburuzalea izatea eta Abarzuzarekin harreman intimorik ez izatea. Gure amatxi, esaterako, Abarzuzaren sortzaile zen Ceferina Fontellasekin eta beste dozena bat emakumerekin joaten zen, 1936ko faxisten sarraskiaren ostean, 1950eko hamarkadan Iruñean egon ziren euskarazko lehenengo mezetara. Horregatik, duela urtebete Marcela Abarzuzak azken azoka zutela esan zidanean, inongo garapen agentziak sendatuko ez didan zauritxo bat ireki zitzaidan.

Liburuaren eguna baino igande batzuk lehenago, oharkabean pasa zen Nafarroa Garaian gehien saltzen den egunkariaren albiste nagusia: Nafarroa Garaiko funtzionario eta soldatapekoek –30.000 lagun baino gehiago– 43.570 euroko diru-sarrerak dauzkate, zergen aurretik, batez beste. Nafarroako parlamentuko legebiltzarkideen soldatarik txikiena 43.056 eurokoa da, baina ohikoena 57.408koa izatea da. Halere, 78.548 euroko soldataraino tarteko soldata asko daude. Ez dut aipatu funtzionarioen artean badirela 448 100.000 eurotik gorako soldatekin.

Lurraldera sustraitutako bi liburu-denda euskaltzale itxiko diren unean Iruñeko etorbide nagusian Espainiako liburuaren multinazional nagusietako batek denda irekiko du: 9 langile, buruarentzat 25.000-28.000 euroko soldata, gainontzeko zortzientzat 18.000-20.000. Baina ez Irrintzi ez Abarzuza ez dira itxi multinazionalarengatik. Funtsean, halako denda bat kudeatzeko gaitasuna duenak, nahiz oso letrazale, iraultzaile ala erreformista izan, bere aspirazio pertsonala goiko paragrafoan dauka. Halakoetan Arnaldo Otegiren esaldi harekin gogoratzen naiz: «Guk uste dugu Lekeition edo Zubietan hanburgesategietan jaten denean, rock musika amerikarra entzuten denean, jende guztiak amerikar arropa jantziko duenean, bere hizkuntza utziko duenean ingelesez hitz egiteko eta mendiak begiesteari utziko dionean Interneten egoteko, hori izango dela hain aspergarria ez duela mereziko». Zuzenean goaz distopia hartara, ordea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.