Goizalde Landabaso

Liburutegiak

2026ko uztailaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hogeita hamaika urteko Mendel Uminer, Mendy, New Yorkeko Upper East aldean bizi zen, alokairuan, 56 metroko apartamentu batean. Mendyk 10.000 liburu zituen apartamentuan, eta, hain zuzen ere, horregatik etxegabetu du jabeak: «Apartamentua anabasa delako, eta edozein bazterretan dituen liburuok sutea eragin dezaketelako». Irudiak txundigarriak dira, liburuak nonahi daude: Soviet agricultura, Before Copernicus, Japanese Philosophy edota Socialism in Galicia... Altzuzako Oteizaren museoan erakusgai dagoen artistaren liburutegiak iradokitzen duen gauza bera senti dezakezu: edozein gairen gainean interesa du Mendyk. Hiru eta hamar tona arteko pisua dute liburuok. Txiribuelta asko barik, laburbilduz: bota egin dute apartamentutik. Lagun askoren laguntzarekin kamioi bete kutxa eraman dituzte Mendyren gurasoen etxera. The New York Times egunkariari esan dio hamar mila liburu horiek denak behar dituela, «bizitzarako neure gidaliburuak dira».

Benetan behar ditu hamar mila liburuok? Benetan behar ditugu etxean dauden liburu guztiak? Nik badut apal oso bat irakurri ez ditudan liburuekin, eta otar erraldoia, laster irakurri behar nituzkeen liburuekin. Ezinezkoa egiten zait kaleratu berri den guztia jarraitzea, zoramena litzateke, eta zelanbaiteko interesa pizten didatenak batu egiten ditut, gerorako. Geroko horretan denbora egongo den itxaropenean bizi naiz.

Tsundoku-ak jota nago? Tsundoku-ak jota dago Mendy? Norentzat dauzkagu etxeko liburutegiak, guretzat ala bisitek ikus dezaten zein intelektual garen? Demaseko akumulazio hau, ordea, aspaldikoa da. Umberto Ecok Milaneko bere etxean 30.000 liburu zituen, eta Urbino inguruko etxean, 20.000. Barojatarren Berako Itzea etxean 33.000 liburu zeuden 90eko hamarkadan; zenbat egongo ote ziren irakurri bakoak? Etxe aldaketa egiten ari naiz eta urteetan begiratu ez ditudan liburuekin egin dut topo. Batzuk, dohaintza lez eman ditut. Agian ez da irakurle on batek egin beharko lukeena, baina gutxitze garaiak harrapatu nau, eta begi aurrean ditudan kutxa liburuen aurrean neure buruari galdetzen diot, zinez, zenbat maite ditudan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA