Genozidioaren aurka nago, Palestine Action babesten dut, hauxe da Erresuma Batuan jende ezagun askok sinatu duen aldarrikapena: Tilda Swinton, Ken Loach, Alice Oswall edota Sally Rooneyk beste batzuen artean. Palestine Action salaketa-sare bat da, eta, desobedientzia zibilaren bidez, Israelgo Gobernuak palestinarren kontra darabilen politika eta gauzatzen ari den genozidioa salatu nahi ditu. 2025ean talde terrorista deklaratu zuen Erresuma Batuko justiziak Palestine Action sarea. Berriki jakin da honek denak ondorio itzelak ekarri dizkiola Sally Rooney idazle irlandarrari. Asko laburbilduta: Sally Rooney prest azaldu zen Palestine Action diruz babesteko, baina Erresuma Batuan talde terroristatzat hartua denez, idazle irlandarra, diruz, talde terrorista babesten ari dela hartuko luke britainiar justiziak, eta atxilotu. Hartu duen erabakia: ez du libururik salduko Erresuma Batuan. Agian ez duzu Sally Rooney ezagutzen, baina Normal People (Jende normala, Alberdanian) lanarekin, milioi bat kopia baino gehiago saldu zituen Erresuma Batuan. Eta Beautiful World, Where Are You eleberriarekin 500.000 kopia baino gehiago. BBCk Normal People telesail bihurtu zuen, eta 67 milioi bistaratze izan zituen. Analogia bat egiteko, gure literaturan horrelako kopuruak bagenitu, beste kuku batek egingo liguke zaunk!
Lagun batek kontatu dit bere 15 urteko alabak eta haren kuadrillak irakurri dutela Sally Rooney. Lagunaren alaba ez da oso irakurzalea izan, baina eleberri erromantikoak/sentimentalak aurkitu ditu lagunekin batera, eta liburu potoloak irensten dituzte. Areago, astean behin liburu denda batera doaz eta liburu bana erosten dute. Euskaraz horrelako literatura ote dagoen galdetu dit. Jende normala kenduta ezetz esan diot. Eta alabak etxean dituen idazleen izenak bota dizkit: Naoise Dolan, Lily King, Claire Daverley... Ez ditudala ezagutzen aitortu diot. Eta orduan, beste planeta batekoa banintz lez begiratu nau: «Eta, zertan zabiltzate?». Zer erantzun jakin gabe geratu naiz. Bitartean, asteon ere, adiskidearen alabak eta lagunek beste liburu bana erosiko dute.