Goizalde Landabaso

Lotura ikusezinak

2026ko irailaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beltzez goitik behera zihoazen kaputxadunak koreografikoki mugitzen ziren, eta, supituki, Ingalaterrako Doverreko portuan, «Geldi itzazue itsasontziak» txilioka agertu ziren. Patriot Platform izena ei duen taldeko kideak dira, denak gizonak, eta etorkin esaten dieten horiei sarrera oztopatu nahi zieten. Lagun batek, oso arduratuta, «horrela hasi zen joan den mendean», ziostan. Kezkatuta dago antifaxismoaren epelkeriarekin, eta oro har, arduradun politikoen mugarri gorrien faltaz. Niri neuri, elipsiz beteriko esaldi trinkoen indarra egiten zitzaidan, eta egiten zait, deigarria. Mezu zuzena, laburra, sakontasunik bakoa, zuzenean burmuinera sartzen da; masa kontrolagarriagorik, ezin. Bizkortasunaren eta azalkeriaren aro bilakatu dugu hau: zazpi minutu ligatzeko, bideo ultrasonikoak edozein gauza esateko, akritikotasun demasekoa, despolitizatze erabatekoa. Averia sorginarekin hazi garenok (Espainiako telebista publikoan zapatu goizetan botatzen zuten La bola de cristal saio apurtzailean zegoen txotxongiloa) atoan harrapatu genuen: horiek ez dute irakurtzen. Eta gero PISA txostena etorri da gazteek irakurtzen dutena ulertzeko arazoak dituztela adieraziz, horrek dakarren denarekin. Oh, surprise! (liluratuta gaituen hizkuntzan esana). Gu sakonerarik gabeko produktu murtxikatuak sortzen eta eskaintzen, errazago irensten delako, eta txuletoia jartzen dietenean ez dakite zer egin okela zati erraldoi hori gorputz barrura eramateko. Punkie sasoiek punkiak behar dituzte; hori bai: punkie jantziak, argumentuz beterikoak, eta ordu erdiko solas sakonerako gertatuta daudenak.

Ez nuke nahi, baina, ezkortasun lainoarekin amaitu gaur. Lehengoan, metroan, gehienak esku artean zuten tramankulu elektronikoari begira burua makurtuta zeudela, nire aurrean hogeitaka gutxiko emakume bat zegoen. Esku artean papereko liburu bat zuen (Oh, surprise!). Erditik zihoan, beraz, tematia zen edota gustatzen ari zitzaion. George Orwellen Abereen etxaldea zen, espainieraz. Kolpean akordura etorri zitzaizkidan PISA txostena eta Averia sorgina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA