Deituko zaituzte gaizki-pentsatua, baina ez esan sekuentziak ez duenik aurrez ederki prestatutako dekoratu baten traza: ETAk behin betiko agurra iragarri zuenetik 15 urte betetzera doazenean, eta gaia agenda mediatikoan azaleratzear dela, orduan ematen dute bi herritarren atxiloketaren berri, gerora espetxeratuak direnak, ia hilabete lehenago abiatutako operazio arraro samar batetik eratorrita, eta terrorismo akusazio orokorregi baten pean. Orduan, efemeridea baliatuta, ofizialki abstraktu samar dena ustezko zehaztasunetara eramaten hasten dira hainbat hedabide, borroka armatuaren itzuleraren ustezko hipotesia iradokiz. Atzetik, hainbat alderdik, norbere ñabardura eta interes, tesiari heldu eta festara batuta, ETAren komodina berreskuratzeko aprobetxatzen dute, kanpainaren goseak bultzatuta, hondoko telebistan 2011ko urriaren 20ko irudiak daudela.
Demagun alde batera uzten duzula edozein herritarren espetxeratzeak, are Auzitegi Nazionalak aginduta, berez eragin beharko lukeen arbuio eta mesfidantza. Demagun gertakarien erabilera politikoan zentratu nahi duzula. Zaratak zarata, alarmak oharkabean pasatu direla esango zenuke orduan. Pentsa ze sinesgarritasun emango dioten hipotesiari, Espainiako hedabideetan apenas aipatu baitute albistea, bestela hezurreraino miazkatzeko moduko haragi puska litzatekeena. Pentsatzen duzu orduan alderdi batzuen estrategia, interesatua eta maltzurra izateaz gain, inozo samarra ere badela, gizartean jada harrabotsik eragiten ez duen mamuari burugogor eusteagatik. Asteburuan komentatu diozu norbaiti, erdi ironian erdi serio: denborarekin, balirudike ezker abertzalearen sakoneko aldaketak, politikoki esanguratsuenak, armei atea ixtearekin baino gehiago izatea zerikusia norbere komunitateari bakarrik ez, baizik eta herri osoari hitz egitearekin. Beste batzuk, aldiz, beren etxea mobilizatzera mugatzen ari dira. Atera kontuak nori doakion hobe.
Eta ez, kontua ez da ahanztura sustatzea. Are gutxiago interes falta. Axolagabekeria ez da inoiz politikarako bertute. Kontua da nola gogoratu nahi dugun, eta zertarako.