Goizalde Landabaso

Narratibak

2026ko ekainaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikuskizun ikaragarria izan da Madril eta Bartzelonara Robert Prevostek, Leon XIV.a aita sainduak, egindako bidaia. Beste behin, eszenaratze kontuetan, kataluniarrak itzelak iruditu zaizkit. Ez dut irakurri telesailaren kritikarik eta, hortaz, nik narratiban ikusitako zenbait huts agertzera natorkizu. Espainiako Kongresuko ateak zabaldu zizkioten, eta, hura lepo zegoela, hitzaldia eman zuen Vatikanoko estatuburuak. Pertsonaia Nagusienak hiritarren ordezkarien areto horretan, gehiengoz, onartutako abortuaren eta eutanasiaren kontra egin zuen, eta, eskubide horien alde bozkatu zuten gehienek ezer ez esatea ikaragarria egin zitzaidan. Gidoi kontuak. Eliza katolikoan sistematikoki egon diren sexu abusuak izurritetzat jotzean, nik ulertu niona: ez gara gu erantzuleak, birus arrotz batek harrapatu gaitu eta orduan egin ditugu basakeriak. Ai gidoilaria. Baina Telesaila pikutara bidaltzen duen kapitulua Katalunian gertatu zen. Bartzelonako Raval auzo narriatuko sei urteko Renzo mutikoa agertu zen. Bideo bati esker jakin genuen Renzoren familiak alokairua ordaintzeko zenbait arazo dituela, eta ordain ezintasunak etxegabetzean amai lezakeela. Eta hor, Renzo txikia, Prevosten aurrean, galderak egiten. Hasieran, atseginak. Baina halako batean Renzok galdetu du: zergatik gertatzen zaizkie gauza txarrak batzuei eta besteei onak, zergatik gurasoek sufritzen dute hainbeste? Eta hor, Pertsonaia Nagusiak, zer erantzun jakin ez, eta inprobisaziora jo zuen: ez da erraza zure galderari erantzutea. Katakrok.

Sara Walker astrobiologoak ElDiario.es egunkarian dio ondo argi izan behar dugula istorio kontalari espezie bat garela. Elkarrizketa horretan dioenez, istorioak kontatzeko moduetan izoztu egin gara, eta narratiba berriak behar ditugu. Eta hain zuzen ere uste dut horixe dela jendeak behar duena: kontatzeko modu berriak. Munduko ultraeskumak aurkitu ei ditu narrazio zaharberrituak, eta ez al gaude gu izoztuta, istorio zaharrekin zer egin jakin ez, eta berriak asmatzeko gaitasunik gabe? Gidoilari on eta ausartak behar ditugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE