Egun hauetan neure kobazuloan sartuta bizi naiz. Irakurri dut goiz eta gau horrela buru-lanean aritzea gizonezkoen eredua dela gehienbat. Irakurri dudan azaleko azalpen agian zaharkituaren arabera, alde bakarra hauxe: nik bai dutxa hartu.
Lanak nekea dakar. Edo nekeak nekea. Gasteizko erdaran, estoy neke euskaraz neke eginda nago esango nukeena da: leher eginda. Euskaltzaindiaren hiztegiak ez dauka neke egin, eta Ereduzko Prosa Gaur-en Sarrionandiaren adibide bakarra dago: ez da konpainia txarra. Aitor Arana nekaezinaren Arabako euskara. Gasteizko aldaera liburuan (2026) nekatu ‘aspertu’ da soilik. Aldiz, Lazarragak aspertu zioen ‘nekatu’ esateko; erreparatu zein aditzi kontrajartzen zaion: a [‘hura’] serbitzerren aspertu banax, / banago deskansadurik.
Nekatzetik aspertzera ez dago tarte handirik, antza: Orotariko-koek ere ez dituzte adierak bata bestetik bereizi. Edo ez dute nekerik hartu nahi. Bitartean, aspertu, ez naiz aspertu ni, ez akitu, ez eneatu, ez gogaitu. Gozatzen ari naiz. Baina, a ze nekea!
Burua ez da nekatzen, ordea: taka-taka, taka-taka. Neke bi kontsonantez (C-z) eta bi bokalez (V-z) osatua da: ezin da Neolitotik datorren hitza izan. Arrazoia aurkituko genuke erdaraz ia ez zekien aitona-amona horietako bati galdetu bagenio gure adibide asmatuotan zein iruditzen zaion euskararena: batetik, poka, kite, tamada eta magopa (CVCV eta CVCVCV); eta, bestetik, erdatz, gerbel eta galge (CVCVC, CVCCVC eta CVCCV), ia ziur nago bigarrenetakoak hautatuko lituzkeela. Agian zuk ere bai, irakurle: hizkuntzaren senak ematen digu.
Neolitotik ez badator, bada, nondik dator? Eta Mitxelenak latin mailegutzat jo zuen, horrelakoetan ohi bezala (ik. EHHE). Bi aukera garbi, biak familia berekoak: edo lat. nece(m) ‘hilketa’-tik eus. neke sortu zen (biak berdin ahoskatzen), edo lat. necare ‘hil’-tik eus. nekatu. Edo biak batera.
Politena da Italian eta Sardinian —bestetan ez— gorde dela izena: italiera zaharrean nĂ©ce bera zerabilten, ‘oinazea’ adieraz. Euskaraz ‘hiltzea’ > ‘pairatzea, atsekabea, lana’ bidea egin bide zuen neke-k.
Lanak ez nau aske egiten, beno ekonomikoki ahal dena bai. Baina, egia da Oihenarten atsotitzak dioena: Nekez denean egina, atsekabetzen da atsegina.