Ander Perez Argote

Odolaren usaina

2025eko ekainaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hasierako shock-a pasatuta, Cerdan eta konpainiaren ustezko ustelkeria kasuaren ondorio politikoak aztertzeko garaira pasatu gara. Bi foku ditu kasuak, Estatu mailakoa eta Nafarroakoa, baina, momentuz, ez dirudi ez batean ez bestean hauteskunde aurreraturik izango denik, paperetan gobernu bateko edo besteko izen potolorik agertzen ez den bitartean behintzat. Gauzak ongi, legealdia agortu ahalko dute PSOEk eta PSNk, baina bistan da posizioak ahulduta iritsiko direla hurrengo hauteskundeetara.

Sustoa, ez neurri berean, baina bi gobernu horiek sustengatu dituzten gainerako alderdietan ere nabaritu da. Nafarroan, bereziki, PSNrekin martxan jarri zitekeen akordio dinamikaren baitan gauzatu da azken urteetako ziklo politikoa, eta horretan oinarritu da, funtsean, UPNrekiko alternatiba ere. Ustelkeriaren zantzuak begiak ireki dizkio oraingoa bestelako PSN bat zela uste zuen askori, edo behintzat, argi utzi du ustelkeriaren erroak sakon doazela 78ko Erregimena deitutakoan. Alderdi sozialistaren benetako berritzeak, etortzekotan, belaunaldi berri baten asmo ona baino gehiago beharko du egia bilakatzeko.

Eta hor dago, hain justu, etor daitekeenaren gakoetako bat. Hauteskundeak saihestuko balitu ere, jokaldi bat beharko du PSN-PSOEk eskuinari partida lehiatu ahal izateko posizioetara hurbiltzeko. Pizgarri bat behar du, konfiantza berreskuratzeko zerbait, arreta ustelkeriatik aldenduko lukeena. Eta bi aukera ditu nagusiki: bata, tentazioan erori eta, bere historian beti egin bezala, alderdiaren sektore zaharrunoen menpera bueltatzea, alderdia sistemaren barruko bere tokira itzuliz, klientelismora bueltatuz, eta Sanchezen zikloa lurperatuz. Bestea, eskuinarekiko diferentziazioa bilatu, eta ezkerrera jotzea, politika ausartak eginez.

Bigarrenak, alderdi sozialistarengandik etorrita, harrituko gintuzke. Baina hor dute aukera orain arte sustengatu duten alderdiek haien partida jokatu eta hara eramaten saiatzeko. Zauria, izan ere, egina dago. Orain kontua da eskuineko putre sarraskijaleei bakarrik utziko ote dieten odolaren usainera arrimatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.