martxelo otamendi

Oldarraldi judiziala Kataluniako eskolari

2026ko apirilaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego Euskal Herrian, oldarraldi judiziala erakunde publikoetako lan deialdiei jarritako helegiteen bidetik dator, eta Katalunian, aldiz, eskola komunitateak duela lau hamarkada adostu zuen katalanaren murgiltze prozesuari jarritako helegiteen bidetik.

Duela urte batzuk, Kataluniako laurogei familiak —gaur hilda dagoen Ciudadanos alderdiaren ingurukoak— auzitara eraman zuten 80ko hamarkadaren hasieratik indarrean zegoen katalanaren murgiltze eredua: irakaskuntza arautuan katalana zen eskoletako erabilera hizkuntza bakarra. Egia esatera, aitortu beharra dago irakasle guztiek ez zutela irizpidea betetzen, eta irakasle batzuek —gutxienek— gaztelaniaz ematen zituztela eskolak.

Kataluniako Auzitegi Nagusiak arrazoi eman zien laurogei familia haiei eta ebatzi zuen Katalunia guztiko eskola guztietako gela guztietan ikasgaien %25 gaztelaniaz eman beharra zegoela. Alegia, baita horrelakorik eskatu ez zuten geletan, irakaskuntza mailetan eta eskoletan ere. Auzitegiak behartu zezakeen Generalitatea familia horien seme-alabei, horiei bakarrik, ikasgaien %25 gaztelaniaz ematera. Ez. Eskola guztietan ezarri zuen ehuneneko hori auzitegiak. Generalitateak Espainiako Auzitegi Nagusira eraman zuen erabakia, eta hark arrazoia eman zion Kataluniakoaren erabakiari.

Izua sortu zen erakunde publikoetan eta eskola komunitatean, eta ondorioz, 2022an, Kataluniako Parlamentuaren gehiengoak, PSC tartean zela, %25aren beharkizun judizialari itzuri egingo zion legea onartu zuen, de facto katalanari ematen ziona eskoletako hizkuntza bakarraren izaera.

Legea garatu zuen dekretua auzitara eraman zuten familia horiek, eta iritsi berri da Kataluniako Auzitegi Nagusiaren erabakia: parlamentuan onartutako dekretuaren artikulu sendoenak baliogabetu ditu, eta, hala, dekretua erabat indargabetu.

Laurogei familiak bakarrik hankaz gora jar dezakete milaka eta milaka familiak eskolarako onartzen duten hizkuntza eredua?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA