Donostiako Hontza liburu dendak martxoaren 31n zarratuko duela irakurtzerakoan Durangoko bonbardaketarekin gogoratu naiz. Edozer pasatzen delarik martxoaren 31n eta apirilaren 26an Durango eta Gernika izaten ditut akorduan. Egun berean Mastodon sare sozialean Beñat Irasuegik idatzitako mezua bidali zidaten: «Pertsona ona izatea (edo saiatzea behintzat) iraultzailea da». Harrezkero ontasunaz bueltaka ibili zait burua, bueltaka ibili natzaie ingurukoei. Nik aspaldi erabaki nuen onen saldoa nahi dudala inguruan. Ona izatea zer ote den, baina, ez da erreza asmatzen. Garaiko gizarteak erabakitzen du balioen ranking-a. Mailaketa hori fede erlijiosoan oinarrituta egon ohi da, eta agian, fede horren gainbeherak ekarri du balio mudaketa? Ez naiz gai sentitzen horri argudiorik emateko, baina argi ikusten dut fede horri eusten diotenek ere nekez betetzen dituztela hamar mandamentuak. Hortaz, zer da pertsona ona izatea bizi garen mundu zati honetan, zeinetan azalkeria den pro eta apur bat sakontzen duzunean astunaspergarri bilakatzen zaren?
Dena egun berean gertatu zitzaidan. Espainiako El PaĂs egunkarian Reem Alhajajra palestinarrarekin eta Yael Admi israeldarrarekin hitz egin zuten. Elkarrizketa mamitsu horretan pentsatzeko asko uzten duen esaldi bat geratu zitzaidan: «Gauzak ezberdinak lirateke emakumeok bake negoziazioetan parte hartuko bagenu». Eta berriz ere ontasuna etorri zitzaidan gogora. Bestea ikustea, entzutea, eskuzabala izatea... amankomuneko espazioak bultzatzeak enpatia eskatzen du. Enpatia, alegia, hurkoratzea, zaintzea, laguntzea... hau dena ez da egun arrakastaz dugun ideiaren antonimoa? Izan ere, ontasuna, maiz, babalorekeriarekin lotuta dago. Bai, ona izan zaitezke, baina onegia bazara, tontoa zara. Dena egun berean gertatzen da batzuetan. Metroko bagoian 30 urtetik beherako hiru gazte papereko liburu bana irakurtzen ari ziren; bat euskaraz irakurtzen ari zen. Papereko liburuak irakurtzen dutenak pertsona onak dira? Sinplekeria eta mugatzailea, e! Ez dakit, baina liburu dendak dituztenak esango nuke pertsona onak direla.