Blanca Urgell

Oskoletik oskolera

2026ko urriaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaitza da sinesten, baina halaxe izan zen, zin dagizuet. Etxez aldatu behar ginen, gure etxe berrian arazo larri bat izan zen urarekin eta lau hilabetez, gauza beharrenak hartuta, auzoko etxean bizi izan ginen. Egongelan bitartean ezertarako ere behar ez genituen zerez betetako kutxak gelditu ziren, denak ere «Saloia» etiketarekin.

Heldu zen, bada, konponketa amaitu zuten eguna. Gure gauzak etxe batetik bestera eramaten eta zein bere lekuan jartzen amaitu nuenean, egongelari heldu nion. Kutxetan mahai-zapiak, edalontziak, ardo-saskia, zenbait botila-ardo, ezkontzako eta bestetako opari horietakoak (loreontzi txinatar bat, kristal eta alpakazko britaniar erretilu bat, nire heziketa literarioaren arabera deabru-erara prestaturiko giltzurrunak eta indabak-edo jartzeko dirudiena, etab. etab.), gure bideo-bilduma txikia (gaur desagertua)… Azkena-edo izango zen kutxa hura. Zabaldu eta zer agertuko? Bada, gabonetako kaktus bat (Schlumbergera), argirik ezaren eraginez haren hosto mamitsuak berdetik arrera paseak, baina ondo bizirik. Hamabi urte igaro dira eta hortxe dago, gazte-itxurarekin.

Gure kaktusa gogoratu dit barraskilo egiptoar baten istorioak. Idazlea ez beste Charles Lamb batek 1846an Egiptotik maskor-bilduma bat ekarri zion British Museum-ari, artean Eremina desertorum barraskilo pare batenak, Egipton bilduak. Ohi bezala, euskarrian lekedaz itsatsi zituzten. Lau urte geroago oskolaren ahoan mintz edo geruza berri bati erreparatu zioten: horrek salatu zien maskorraren jabea barruan bizirik zegoela. Euskarritik askatu eta ur epelean sartu zuten. Hamar minutu baino ez, eta oskoletik irten zen British-eko ezusteko maizterra. Handik aurrera etxekotu eta bizia lasaia izan omen zuen museoan bertan.

Bulegoan sartuta daramatzat dozena bat egun, lan bat bukatzen. Espainiako, Kataluniako eta Euskal Herriko ahots batzuk heltzen zaizkit etxebizitzaz. Premiazko neurriak entzuten ditut; urteetarako planik, ez. Besteak ez ditut aipatu ere egingo.

Tira, bakean utzi, oskolera noa.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA