Blanca Urgell

Patxi Goenaga zenari

2026ko azaroaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oroimena, urde zitalagorik! Egunero gogaitzen gaitu ahaztu nahi genukeena gogoratzen, eta gogoratu nahi genukeena ahantzarazten. Munstro beldurgarria deitu dio Juan Kruz Igerabidek.

Oroimenaren ganbaran aritu naiz azterka, irakasle eta lankide horren hilberriak orratzetik igarotzen den hariak bezala zeharkatuta (nolako indarra Merwin poetak). Eta ohartu naiz bera jubilatu zenetik ez dudala ikusi, ia ez dugula elkar ikusi, zoriak kalean elkartu gaituen bakanetan izan ezik. Zer moduzka ibili ginen pixka bat: kalean ezer sakonik ez. Eta horixe da dena.

Emailaren gordetegiak nahi nuen mezua ez dit itzuli, jubilatu zenekoa. Argi daukat zer idatzi nion, zein zen ideia nagusia, baina euskarririk ez dut orduko hitz horiek gomutara ekartzeko. Bai topatu dut orduantxe lankideok beraren inguruan bildu ginen bazkaria eta gero berak bidalitako mezua, argazkiak eta are berak ondutako bertsoa ere badakartzana.

Hortxe egin dit kale oroimenak. Urde zital horrek. Barthesek ama zenari buruz idazterakoan izan zuen dudaren antzeko zeozer daukat nik orain: ba ote ezer baliotsurik ohar hauetan?

Letra Fakultate zaharrean ikasten ari ginenean, Gasteizko seminarioan, lizentziaturako lehenengo urtea gainditzeko ulermen-azterketa izan guk ikasleok. «Ez kezkatu, Blanca, Goenagak egingo du proba». Nik orduan euskara gutxi, ulertu juxtu-juxtu, eta zeinen argi mintzo zinen, nolako hizkera pausatu goxoa, azterketa hartan eta beti. Horra hor lehenengo oroitzapena. (Eta galdera bat: ez al zara zu euskararen historia osoan batuaz egin duen giputz bakarra?).

Zu Jaurlaritzan, HPSko zuzendari, eta ni euskarazko aldizkari igarokor baten erreportari igarokorra. Gure arteko galde-erantzunak gorabehera, orduko argazkian finkaturik gelditu da zure irribarrea, begi ernai argietan ere islatua, gehienetan abegikorra, ironiko zein jostalari ere izaten bazekiena. Benetakoa. Horra bigarrena.

Hainbat gauza gehiago dabiltza nire memoriaren sakonetik irten ez irten. Beude! Familiak badaki nor zuten Patxi. Lankideok badakigu nor genuen Patxi. Nago berarentzat hori aski litzatekeela.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA