Itzea Urkizu Arsuaga.

Poto

2025eko abenduaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beti defendatuko dut poto eginda ere mamia eskaini didan bertsolaria, txalo erraza lortu baina betelana egin duenaren ondoan. Lurrin garestien pare itsasten baitira berokietan mezu populistak, eta bolbora bezala zabaltzen airean. 

Etzi etorriko den hura kontu zahar zaigun garaiotan, mezu populistak nonahi eta nornahiri entzun diezazkiokegu, ezker-eskuin. Gozoki tentagarria baitira bat-bateko olatua, beroaldi sukarra eta arrakasta. 

Azkenaldi luzeegi honetan halaxe gertatzen ari da hezkuntzaren bueltan, eta txalo errazeko bertso asko errepikatzen da han eta hemen, bertsolariak lana atzetik aurrera egoki egin ote duen begiratu gabe. 

Zer da, ba, populista ez bada, ikastolak itunpeko sareko ikastetxe bat gehiago bezala tratatzea, memoriarik edo gaurkotasunik ez bagenu bezala? Zer da, ba, txalo erraza bilatzea ez bada, pentsaraztea herri honen hutsune eta miseria denak ikastoletako patioetan egosten direla, eta konponbideak eskola publikoetako jolastokietan? Zer da, ba, izugarrikeria bat ez bada, euskaran ardaztuta bizi nahi dugunok (eta gurera etorri nahi dutenei ateak zabaltzen egunero ahalegintzen garenok) elite pribatutzat jotzea? 

Hori hala balitz, sinpleagoa litzateke dena. Baina, tamalez, izango dira familia arrazistak ikastoletan, eskola publikoetan bezalaxe. Izango da ikastoletan klasismorik, Audirik eta txaletik, eskola publikoetan bezalaxe. Izango da akaso ikastoletan bortxatzaile potentzialik, eskola publikoetan bezalaxe. Tamalaren tamalez, izango da ikastoletan ere euskara anekdotiko zaionik, eskola publikoetan bezalaxe. Gure mundu txiki honetan bezalaxe. 

Eta mundu hori aldatu nahi dugunon arteko elkarrizketak eraso merkeen eta egia erdien gainean eraikitzen baditugu, jai daukagu: gaia emanda ere, ez errima eta ez poto.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.