Hantxe nengoen ni duela ia sei urte, bokazioz bezainbeste lotsagabekeriaz beteta. Han zegoen nire lankide Joxerra Senar ere, gogo eta bokazio horri norabide bat erakusteko lanetan. Hantxe nengoen ni abuztuaren 5 batean Maria Txibite aurrenekoz Nafarroako presidente izendatu zutenean. Gogoan ditut bezperako egunak ere, indar politiko bakoitzeko aurpegi ezagunenak identifikatzeko asmoz, eta, batez ere, garaiko testuinguru politikoaren gaineko irakurketa azertatu bat egin nahian. Urtebete zen Pedro Sanchez Espainiako presidentetzara ailegatu zela —zentsura mozio baten ondoren— eta lehenengo hauteskundeak irabazi berri zituen, baina Nafarroako presidentea hautatzeko egun hori baino astebete lehenago, huts egin zuen haren kargu-hartzeak. Aurreneko aldia izango zen EH Bildu abstenitu arren Nafarroako Gobernutik kanpo geratuko zena. Horregatik, Madrilgo eta Gasteizko hainbat politikari ere bazeuden Iruñean. Eta nik… Nik 24 urte nituen eta mundua jan nahi nuen.
Ikusi nuen gizon bat, inportante plantak zituena, eta, badaezpada ere, Interneten ziurtatu nuen ezagun zitzaidan hura ote zen. Bai, bera zen: Santos Cerdan, PSOEko Lurralde koordinatzailea orduan, eta orain gutxi arte Barne Antolakuntzako idazkaria izandakoa. Dei bat egin nuen erredakziora, eta editoreak baietz, ea lortzen nuen harekin hitz egitea. Han joan nintzen, neskatila xalo plantekin Cerdan limurtzera —beste baterako utziko dugu politika saileko kazetari neska gaztea izatearena—, eta erori zen tranpan edo ni harenean, ez dakit. Lehen galdera sortaren ondoren, esan zidan itzultzeko harengana behar banuen, eta «nahi nuen guztia» galdetzeko. Eta bai, beste behin joan nintzen elkarrizketa osatzera, eta lasai erantzun zizkidan galdetutakoak.
Bestelako aldartea du egunotan. Orain, sei urteren ostean, lankide nituenek bidali didate elkarrizketa hura, oroigarri moduan, nire elkarrizketatuen zerrendan ustel bat banu bezala. Nik denei galdetu diet ea haiek zenbat ustezko ustel elkarrizketatu dituzten. «Bat ere ez», erantzun beterano batek. Baina ai, zenbat santu eta planta oneko egongo diren oraindik guri ziria sartu nahian…