Gure etxean harrikoa egiteari pianoa jotzea esaten diogu. Gure aitak asmatu zuen gu ume ginela, ez dakit zergatik, baina iraun du. Kanpoko norbaitek esamoldea adituko balu, agian, pentsatuko luke bazkalostean piano kontzertua emateko ohitura dugula eta denok garela Atxukarrotxiki. Baina ez. Asmakizuna da, hizkuntzaren elementu guztiak asmakizun diren moduan. Asmakizuna eta, zelanbaitean, adostutako kodeak. «Zure etxean zelan esaten zenioten sukaldean janaria egiteari, zelan esaten zaio tradizioan?» galdetu izan didate berriki, sukaldatu hitzaren alde paratu nintzelako. Ezin da sukaldatu erabili txarto eraikita omen dagoelako. Baina, jakina, ondo lasai dei nazakete henbra tradizioan dagoelako. Tradizioa, a ze meloitzarra! Laura Vela-Plo basauriarrak egunkari honetan zioen lerroburuarekin erantzun niezaiekeen, hots, hizkuntza gizartearen arabera moldatuz doala. Beste erantzun bat eman nien, baina: cocinar. Isiltasun berunezkoa egin zen.
Sasikoak gara gu, pedigririk gabeko euskaldunak, helduaroan euskara ikasitakoak baino apur bat goratxoago, baina ez asko. Eta zer diren gauzak, pedigridunekin bezala, gure euskalduntasunaren erantzukizuna gurasoek dute, beraiek eman baitziguten hizkuntza, baina beste era batera: transmisioa azpikontratatu egin zuten. Hori oso ohikoa zen ni jaio/hazi nintzen tokian eta antzerakoetan. Egun neure ingurukoak diren euskaldun osoek hortik jaso dute. Sasikoak gara eta modu batera edo bestera ez dela aski esan izan digute denboran zehar. Eta lantzean behin galdetzen digute, zuenean zelan esaten zen...? edota: gasteiztarra/ miarriztarra/ bilbotarra/ faltzestarra eta euskalduna? Batzuei buruak katakrok egiten die norbaitek aurreiritzi sendoak hausten dizkienean. Sasiko izatea da, bai baina ez. Begiradak ez dira mespretxuzkoak, soilik altuerazkoak. Sasiko izateak mina dakar, eta behin hari ihes egin zion berba hark edo hurak egiten duen oihartzuna akorduan izatea, tarteka. Esadazu, irakurle estimatua, Euskal Herri euskalduna izango bada, zenbat sasiko izango gara, zenbat tradizio berri ezarriko da?