Larramendik erdaldunak zapuzteko idatzi omen zuen hiztegi erraldoia (1745). Ez horixe: euskaldunak hezi eta berotu nahi zituen, eta tresna linguistiko preziatu hura haien eskura jarri. Horrek ez du esan nahi erdaldun batzuk zapuzteko gogorik ez zuenik...
Asmo zapuztaile horren (ustezko) froga polit bat Puerto de Santa MarĂako (Cadiz) idazkuna da (1745: lxxxi-lxxxii), ikur ezezagunez idatzia. Larramendik epigrafista onen modura deskribatu zuen, bai eta deszifratzailearen transkribapena eta euskarazko interpretazioa eman ere, beste ezein hizkuntzak eman ezin zezakeena. Honela dio idazkunak: «Gure egile andiari, bere meneko euskaldunak […] au jasotzen diogu erdaldunak lenbizian sartu zaizkunean, ondokoai adiarazteko bati […] gurtzen gatzaizkala, ezen ez arrotzok bekala, anbeste jainko gezurrezko ta irrigarriri».
Larramendik salatzen du idazkuna hasieran espainiar primitibotzat zuten jakintsuek —artean MartĂ, Mayans eta diaristak, bere kutunak— euskararekin deszifratu zenean atzera egin zutela.
Arriskutsua zen (eta da) Larramendi arduragabe irakurtzea. Mayansek barre egin zion idazkun horregatik (ere). Halere, segidan zeukan Larramendiren azalpena (neuk euskaratua): «Monumento horren [idazkunaren] deskribapena parabola hutsa da, hasiera-hasieratik denek antzemango zuten bezala; baina parabola bizi-bizi bat, begien aurrean jartzen duena […] gure aurkariek hura eztabaidatzeko darabilten zuzentasun eskasa eta grina handia». Mayansek, nonbait, ez zuen horraino irakurri…
Beste «gaitxo» batengatik ezagun dugun Javier Velazak argitaratu zuen pasadizoa Bromas —y veras— epigrĂ¡ficas lanean (2011), eta hari eskerrak konturatu naiz ni ere —Mayans txiki bat bainintzan legez—.
Juan Bautista Errok irakurtzen jarraitu ote zuen? Aipatu behintzat ez du aipatzen, baina Alfabeto de la lengua primitiva-n (1806) irudi bat dakar, non «turkiar erara» jantzitako gizonak iberiar idazkerako idazkun bat lantzen ari diren. Velazak gaurko erara irakurrita zentzurik bakoa zela pentsatu zuen, Erroren transkribatze-sistema baliatzea bururatu zitzaion arte. Irudiko idazkuna horrela irakurririk, testuak hauxe dio: Bere Ia(i)nkori / Euskal errik.
Hiru hitz besterik ez. Eta, agian, irribarretxo bat.