Hedoi Etxarte

Txiki, Otaegi eta EE

2025eko irailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gisa ezberdineko ekitaldiak antolatu dira egunotan, frankismoak fusilatu zituen azken bost kideen omenez. Nabarmena da, nik dakidala, FRAPeko iraultzaile antifaxistentzat ez dela kontu handirik egin, Roger Mateosek haietako bati buruz idatzi duen liburuaz gain. Txiki eta Otaegiren hilketaren urteurrenerako egon dira, zorionez, liburu berriak, omenaldiak Katalunian eta Hego Euskal Herriko zenbait tokitan, albisteak, kanpaina politikoak, ekimen pertsonalak ere bai batzuk.

Ezinezkoa da, tarte honetan, esan diren eta mahai gainean eztabaidagai egon diren perspektiba diferenteez aritzea, baina kontu deigarri bat egon da, ondorio politiko larriak dituena: PSE-EE eta PSNren jarrera. Txiki eta Otaegi 1975ean hil zituzten eta, beraz, haien ordura arteko lan militantea laudatu eta frankismoaren krudelkeria salatzea, zilegi izateaz gain, eztabaida gutxi sor ditzakeen puntu bat da. Beste gauza bat da, azken aldian ikusi dugun bezala, hil izan ez balituzte, militante haiek ze ibilbide politiko izango zuten. Dakiguna da ETApm-ren erreferentziazko alderdi politikoa EIA zela, eta gerora Euskadiko Ezkerra sortuko zela hortik, 1986an, ETApm desagertu eta EEk PSErekin bat egin zuen arte.

Gauza ezaguna da, Hego Euskal Herrian bertan, 1934-1936ko errepresaliatuekin 1978tik aurrerako PSOEk izan zuen utzikeria aktiboa. Baina Zarauzko PSEtik hasi eta Iruñeko PSNraino, diktadura militarreko heriotza zigorrez hildako erresistenteak terrorista soiltzat hartzeak ezinbestean dakar ulertzea PSOEk frankismoa jarraitu duela gaur egunera arte, baita PSOEn bukatu zuten sektore militanteki antifrankisten bizitzen gainetik ere.

Badakigu Europa ez dela ezeren garantia eta azken milimetroraino agintzen dutela han ere kapitalak eta haien zerbitzurako armadek, baina nekez egongo da hemen iraganaren irakurketa minimoki demokratiko bat, frankismoaren biktimak ere hala menosten direnean. Zentzu horretan, erraldoia da Txikik eta Otaegik haien erakundearen oinordekoetan duten zurztasuna. Zalantza dut zer iritziko ote dioten gaur 1982an EIAn ala 1986an Euskadiko Ezkerran ziren militanteek, garai hartan, logikoki, heroitzat zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.