Blanca Urgell

Udazkena zer den

2026ko azaroaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udazken giroa dugu gaur. Arabako lautadaren sabaia ardi beltzez estalirik dago. Gorbeia aldean, aldiz, eguzkia sartzen ari deneko arrastiriaren urregorria. Haizeak orbela hara-hona darama. Oxobik idatzi legez, ihesi doa hegaztin ainhara beltza…

Asteburuan Errioxa aldera joan ginen, ameskeria baten bila. Esku-hutsik itzuli garela asko esatea litzateke, espero genuenaren ordez zerbait ekarri baitugu, ekarri ere, txango hartatik. Zerbaitzuk, hobeto esanda.

Zer ekarri? Bada, bertako euskal izenak, ikusi eta entzun genituenak: La Reca erreka, Ibaya mendia, eta Arviza zein Ulizarna herriak (azkena zaharrena ez ote?). Ojakastro ibarreko toponimia xeheki aztertu zuen Jose Merino Urrutiaren laguntzaz gehiago bildu ditut orduren bat eman genuen Valgañon herritik: Azarria, Berrondo, Chadebarren, Ezquetas, Gamiliturria, Horma, Larrea, Mozeraundia, Padregutia, Resinsola, Saltarria, Torrechipia, Urubaña, Zaldua...

Zer gehiago ekarri? Harrigarria izan zen niretzat bertara iristea zeinen erraza den gaur egun. Ezagun denez, 1234-1240 inguruan Ojakastroko biztanleek auzietan euskaraz aritzeko foru-eskubidea baliarazi zuten Gaztelako merio nagusiaren aurrean. Gaude azken ibarra ez ote zen, batez ere Demandako mendilerroaren ezker-eskuin VIII. mendetik aurrera —gutxienez— errotu zen euskararen azken babeslekua. Urrun irudikatzen bainuen nik, bide bihurgunetsu amaiezin baten amaieran, Pallars SubirĂ¡ Kataluniako euskal mintzoen azken babeslekuaren antzera.

Bertako agure batekin luzez jarduteko aukera izan genuen. Berak jardun eta guk entzun, zehatzago. Jarioaren leit motiv handienetakoa euskaldunak. Erdi Arokoak eta gerokoak, noiznahikoak, baita azken mendean han obra zibilak egin zituzten ingeniariak ere. Berarekin geunden talaiatik basoa zegoen begi-bistan, udazkeneko koloreak bizi-bizi. Ez al zuen berak esan, bada: «Begira basoa nola dagoen. Euskaldunak hemen izan balira, beste patu bat izango zuen paraje honek, haiek bai jakingo zuten etekinik ateratzen basoari». Eta gu, gure artean: eskerrak ez ginen luzaroago han ibili. Osterantzean, etekina atera bai, baina gaur egun agian urte osoko kolore bakarrari begira biziko lirateke, udazkena zer den ere estaltzen duena.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA