Irailaren 15ean sei urte Urko adiskideak txakurra «bizirik azkenekoz» ikusi zuenetik. Oraindik ere doluan dabil, hura ordezkatu ezinik.
Bai, irakurle, neuk ere uste nuen batzuetan egungo gizakiek gehiegikeriak egiten dituztela maskotengatik. Txakurrak izan ditudan arte. Esnatu eta eskaileraren oinean Sofi hilda sumatu nuenean burura etorri zitzaidan aurreko egunetan Arabako maskoten krematorio eta hileta-etxe batez irakurri nuen erreportajea eta, hemen alde batera utziko ditudan emozioak gainditu eta gero, deitu nien hartaz ardura zitezen. Noski.
Gure pet-zaletasuna XIX. m. amaierako zaletasun viktoriarretik omen dator, baina horren lorratzak Paleolito amaieratik datoz, gutxienez, eta non-nahi aurki daitezke, ia-ia.
Bonn-Oberkasseleko (Alemania) txakurrak duela 14.200 bat urte larriki gaixotu eta hainbat astez zaindu zutelako zantzuak gorde ditu. Natufiar kulturan (Palestinaren ingurumarian) emakume bat eskua txakurkumearen gainean zuela ehortzi zuten (duela 12.000 bat urte). Bereniken (Egipto, K.o. I-II. m.) 585 animalia-hilobi zenbatu dira, katu-txakurrak batik bat; tximinoak ere badira, luxuzko pet modura ehortziak.
Adierazpen guztiak ez dira bat, ordea. Egipton badira bestela momifikatuak, baina animalia sakratuak ei dira, edota eskaintzak. Ezagunak dira, orobat, jabearekin batera lurperatuak, hildakoaren zaindari edo bestaldeko lagun izan beharrak. Beste maila batean dago Margarita txakurra eta haren epitafioa (Erroma, K.o. I-II. m.; gaur British Museum-en), luze bezain jasoa, etxeko jaun-andreen maitasunaren isla poetikoa: besteak beste, haiek ere sentitzen zuten elkarri ulertzen ziotela, zeren eta idatzi baitzuten Margaritak «txakur-aho mutuari dagokiona baino gehiago» hitz egiten zuela.
Ehorzketa moduetan sumatutakoa etxeko animalien izenetan bilatu arren, erantzun nagusi bat baino ez dut aurkitu: eus. aberats < abere < lat. habere ‘eduki’ lotura oso hedatua da: arabierazko māl ‘ondasuna’ beduinoek gamelu, ardi eta ahuntzak izendatzeko omen darabilte. Bestela, japonieraren dialekto zenbaitetan inu beharrean, inuko deritza txakurrari, -ko txikigarriaz. Hor bada afektua.
Batzuetan edukitzen ditugu; bestetan, ez dakit zeinek nor.