Blanca Urgell

Zeruko urdaitxoak

2026ko irailaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kike Amonarrizek 60ko hamarkadako menu baten argazkiak partekatu ditu sare sozialetan. Tolosako Kale Nagusiko Zeru Aundi jatetxekoa zen, euskaraz eta frantsesez ere, Bittor Zeberio eta Saturnina Larrarte «jabe euskaltzale aitzindariek» egin edo eginarazia, Juanjo Zeberio Etxetxipiak berari eskainia.

Alderdi asko ditu menuak; guri lexikoaren historia dagokigu. Irudika dezakezue zer litzatekeen XVI. mendeko menu bat bederen izatea? Ozta osatuko dugu. Landucciren berriemaile arabarrek sardina txiki adobadua eta ezkalua bakarrik jakin zuten esaten arrainetan (edo Landuccik galdetzen) eta, azkenburuko, pastela. Etxepareren arnoa, ogia, arraina eta fruituak bilduta bazkari-legea egingo genuke behintzat. Leizarragak, aldiz, Testamentu Berritik irten gabe, aretze gizena hil eta jaten erakusten dizkigu bazkaltiarrak (Lk 15, 27, 30).

Axularrek, bai Urdazubin bai Saran, ugari biltzen bide ziren barazkiak ugari oparitzen dizkigu: porru, tipula, baratxuri, sagar, mahats, fiko…; ezinbesteko osagaiak ere bai: ezti, olio eta gatz. Eskuekin ez dakigu, baina irudipenarekin badaki Axularrek kuzinako eta sukhaldeko eltze-plateren artean sartzen.

Berandu datoz sukalde liburuak: Eskualdun kozinera (1864) bide dugu ezagunena; gipuzkeraz Kozinak ikasteko liburua (Tolosa, 1889) eta zubereraz bi horien garai bertsukoko eskuizkribu bat (Epelde 2008). Kito.

Geldi gaitezen Zeru Aundiko menuaren xehetasunetan. Gerra aurreko eta ondoko ezaugarria da neologismoak azalduta ematea: Orriburu (alkatxofak) saltzetan, dio menuan, eta Arraultz-talo (tortilla) españitar erara, Vieira (maskorrak) eta Kantauriko otarraia (langosta). Otarraina, nire iritzian, Larramendiren neologismoa da, oti intsektuaren izenetik sortua: oti + arrain.

Batu gabeko euskara haren ezaupideak ere baditu: Gusitako barazkiak naasian, Miarrai Meunière erara, ala prejitua, Chateaubriand soiltsoila, Bigantzaren saiaskia, Gazta prantsesak eta Gazta gure errialdekoak, Mertxikak urazukretan, Zeruko urdaitxoak esne-gañaz… Izen adierazkor eta dotoreak denak.

Onena, nire ustez, menua bera da. Denetik aurkitzen da, denetik eta neurririk gabe jan nezakeen garaian gozatzeko eran.

Hori bai: «Eskupeko eta zergak prezioan sarturik daude». On egin!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA